Hau ez da serioa
Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria
Serioa izatea ona eta txarra izan daiteke. Gauza askotarako seriotasuna eskatuko da. Beste hainbatetan, berriz, «Ez zaitez hain serioa izan, arren!», esan ohi da. Non aurkitu oreka, non balantza eta neurria, hor dago gakoa. Dirudienez, seriotasunaren antonimoa informalitatea da. Telebistan zer den formala eta zer ez, oso zaila da. Izan zen behin «Hau ez da serioa!» izeneko programa bat. Egun «Esto no es serio» ere badugu, ETB-2 katean, Teleberri-a baino lehenxeago. Saioan esketxak besterik ez dira ikusten eta horien arteko loturaren leit motiv-a umorearen oinarrizko ezaugarri kontzeptualak dira. Hiztegiaren arabera, «Esto no es serio» programa ez-formala dela esan beharko genuke. Baserriak, sendagileen kontsultak, bulegoak, etxe barrenak, lan harremanak, sexua, maitasuna, politika, eliza... eta abar luze baten aitzakiaz osatzen dira saioz saioko mini-gidoiak. Umorea gordinki jaurtia, inongo ildorik gabe. Gogoko dut hori. Askotan seriotasuna faltan baino, soberan nabaritzen dudalako. Bizitzan eta telebistan. Beharrezkotzat jo behar dugu, ordea, gure arteko harreman publiko, pribatu eta intimoetan. Izan gaitezen serio! Arestian aipatutako saioan -«Esto no es serio»- Euskal Herriko antzezle handietako batzuk ditugu. Emakumezkoak zein gizonezkoak. Ramon Ibarra edota Nati Ortiz de Zarate eredu, besteak beste. Garai bateko aitzindariak. 80ko hamarkadan euskal eszenan ekoitzitako antzerki eta filmetan aritutakoak. Eta hogei urte pasatu dira euria dariola. Harrobi berekoak dira, Esther Velasco «Mi querido Klikowsky»-koa edota Itziar Lazkano «Vaya semanita»-koa. Emakume horiek balentria, ausardia, kemena eta batez ere sinesgarritasunez jokatu dute, oso fin, profesionalki. Gero eta zailago da emakume aktoreentzat heldutasunaren kokapenarekin bat etortzea lan merkatuan. Ez bazara, behintzat, betirako sailkatuta geratu protagonistaren amaren papera egiteko. Horretarako, hobeto Armadan erroldatzea... baina horixe da dagoena. Eta hori ez da serioa. Emakume protagonista gehiago behar dira. Adin guztietakoak, bizitzan bezala (denek 16 urte izan nahi dituzten arren, ai amama!).