GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Premiazkoa eta garrantzitsua

Amaitzear dago 2007. urtea, 2008a hastear. Balantzeak, asmoak. Lehenengoaren ondorioetatik jaioko dira bigarrenak. Eta norbanakotik hasi eta kolektiboraino aterako dira betiko lehentasun zerrendak, intentzio aldarrikapenak, ekintza planak... konpromisoak, azken finean.

Gertatzen da, baina, norberak bere buruari egin dion hitz ematea edo herritarren ordezkariek herriari egiten diotena ez direla gauza bera. Norberak badaukalako bere buruari huts egitea, hala bizitzea aukeratuz gero; herri bati, ordea, ezin zaio iruzur hori egin, hitz zuriez estaliz. Erantzunak nahi ditugu, erantzukizuna beren gain hartzea hautatu zuten pertsonengandik.

Euskal Herria nola dagoen ikusita, momentu hau kontuan hartuta, herri honetako jende askoren ordezkapen politikoa izan nahi duena -bestelako lehentasun batzuengatik eta bestelako jendarte eredu bategatik erantzun nahiko lukeena- ezabatzeko saiakera guztiak lagunartean, familian edo inguruan sentituta, alde batetik, neure buruari galdetzen diot kasualitatea ote den eskubide sozialak gauzatzea bilatzen dugunok izatea zapalduak eta isilaraziak; eta, beste alde batetik, «premiazkoak ez dio denborarik uzten garrantzitsuari» esaldia datorkit burura: noiz arte atzeratu behar dira jendarte eredu honen ondorioz jendeak sufritzen dituen egoerak konpontzeko betebeharrak, zehatzak, errealak, egunerokotasunean isla duten horiek.

Neu ere atzera begira jarri naiz, arloka orokortasuna hobeto ulertzeko asmoz, eta emakumeok arestian aipaturiko erantzukizun horren beharra are gehiago daukagula ikusten dut. Arazo guztien aurrean, dela osasuna, dela lan mundua, dela babes soziala edo balio soziala, bai familia, bai bikote harremanak... horietan guztietan, eta idatzi ez ditudan besteetan ere, emakumeok emakume izate hutsaren plusa dugulako, hain zuzen.

Eta badirudi, etorkizun justuagoa, erosoagoa eta denontzat hobea izango den horretara gidatzen gaituztela diotenen ustez, erabakiak hartu eta gauzatzen dituzten boteredunen uztez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bigarren mailako arazoa dela oraindik orain -praktikan eta arloka argi eta garbi ikusten dena- eta horrek sorrarazten duen guztiak itxaron dezakeela, pixka bat gehiago, badaude-eta arazo larriagoak, beraz, pixka bat gehiago.

Baina guk, emakume eta herritar garen heinean, ezin dugula gehiago itxaron aldarrikatu nahi dugu. Hasteko, emakumeei kolektibo gisa antolatzeko eta indartzeko elkarren beharrari buruzko gogoeta egiteko eskatu nahi diegu eta, gauzak aldatzea lortuko dugula sinisteko. Gero, gizonezkoei adierazi borroka hau beraiena ere badela, jakin badakiten arren, euren parte hartzea bermatzeko. Azkenik, legez kanpo ez egotearen etekinak ateratzen dituzten politikariei, behingoz, gure alde ere lan egiteko exijituko diegu.

Tristea bada ere, konfiantza izugarria dut lehenengo biengan, hirugarrenak, ordea, negargura besterik ez dit ematen une honetan, emakume, herritar eta euskaldun naizen aldetik, urte berriaren atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo