Mikel Aramendi Kazetaria
Iraganak geroa iragartzen duenean
Handioski hasi ditu joan den astean Txinak Nanjingeko Sarraskiaren 70. urteurrena oroitarazteko ekitaldiak: ikerketa batzordeak, jardunaldi arranditsuak, hedabideen arreta... Zer pentsaturik eman behar luke horrek: zergatik gomuta gehiago zazpi hamarkada igaro direnean... mende erdia edo laurdena bete zenean baino, demagun? Agian urteekin hazten diren zuhaitzen modukoa delako oroimena Asia Ekialdean? Edonola delarik, egia konplitua da Maoren garaian abenduaren 13a kasik beste edozein egun bezalakoa izan ohi zela. Aurtengoan ez. Eta esperagarria zen, nola edo hala.
Europa gure gerrari begira zegoenean, 1937ko udazkenean, askoz eskala handiagoko gertakari militar eta geopolitikoen eszenatokia izan zen Txina Ekialdea. Mantxuria eta Iparrekialde osoa bere mende zituen japoniar armadak Shangai eta Nanjing hiriburua hartzeko ofentsiba erraldoiari ekin zion. Egun gutxiko txango militarra izan behar zuen, teorian. Baina hainbat aditu militarrek «II. Mundu Gerrako lehen bataila handia» deitu dutena jazo zen orduan. Ehun egunez Shangain, kalez kale eta etxez etxe, borrokatu ziren ehunka mila soldadu txinatar eta japoniar. Azkenean, japoniarren nagusitasun militarrak bere legea ezarri zuen hiritzarrean, baina 125.000 bat soldadu galdu ondoren. Beste aldean, txinatarrenean, askoz latzagoak izan ziren bajak, noski: 300.000 inguru edo. Haien artean, Whampoako akademia militarrean hezitako ofizialik onenetako gehienak. Ordainetan, Jiang Jieshik denbora irabazi zuen, hiru hilabete, bere hiriburua eta baliabide estrategikoenak Nanjingdik Wuhan eta Chongqingera eramateko.
Shangaiko bataila amaituta, nahiko eroso hartu zuten Nanjing hiriburua japoniarrek. Horrexegatik da esplikagaitzagoa ondoren gertatu zena: abenduaren 13tik aurrera, sei bat astez, era guztietako izugarrikeriak burutu zituzten okupatzaile japoniarrek Nanjingen: hilketa masiboak, bortxaketak, arpilaketak... Hildakoak (zibilak gehienak, preso hartutako soldaduak gainerakoak) zenbat izan ziren argitzeko ez dago adostasunik: gutxieneko kopurua 150.000 litzateke, baina beste batzuek milioi erdia izan zela diote. Geroago, Pazifikoko frontean hilko ziren estatubatuar guztiak baino gehiago.
Eta horixe dago Txina eta Japoniaren artean 70 urte geroago. Gero eta biziago, dirudienez.