Ixabel Etxeberria Irakaslea
Jendarteak erreakzionatuko ote du?
Konstituzio berrian, 35. artikuluak dio Gobernuak herriaren eskubideak bortxatzen baditu, matxinatzea dela herriaren eskubide sakratuena eta oinarrizko betekizuna
Azken asteetan harriduraz harridura ibili gara. Ohituak ginen euskal prentsa isildua ikusten, «Egin», Egin irratia, «Euskaldunon Egunkaria», «Ardi Beltza», abertzaletasuna eta euskaltasuna kontuan hartzen dituzten komunikabideen gainean aspalditik hedatua dute susmo txarra, gaizkile irudia eman izan diote. Borroka batean kokaturik, autodeterminazioari buruzko bidean uler daitekeen indar harremanaren parte gisa.
Azken asteetan ikusi dugunak ez ditu abertzaleak hunkitzen, frantses informazio bideak baizik. Izan ere, Guillaume Dasquié Frantziako defentsan aditua den kazetariak, irailaren 11aren inguruan egindako inkestaren ondotik, «Le Monde» egunkarian artikulua plazaratu baitzuen erranez frantses zerbitzu sekretuek Estatu Batuetakoak abisatu zituztela, irailaren 11a baino lehen, hegazkin desbideratzea gerta zitekeela. Artikulua plazaratu zen MAM Defentsa ministroa zelarik. Ministroak kazetaria salatu, eta atxilotu zuten. Frantses konstituzioak prentsaren iturriak babesteko lege bat badu; haatik, zerbitzu sekretuek, presondegiratzeko mehatxatu ondoren, kazetariak zuen iturrietako baten izena lortu zuten, fiskalaren presioa baliatu ondotik. Kazetaria askatu dute, nahiz eta epaituko duten. Harritua zen, kazetariari mundu bat erori zaio gainera, Frantzia demokrazia zela uste baitzuen eta bere lana zuzena. Geroago, Thierry Meyssan, Voltaire informazio alternatiboaren sarearen sortzaileak iragarri zuen bere sarea Frantziatik kanpo zeramala, Frantziak ez baititu oinarrizko baldintzak eskaintzen adierazpen askatasuna segurtatzeko.
Bi gertakari horiek oso larriak iruditu zaizkigu, ez dituzte inondik ere kate nagusietan aipatu nahiz eta horrek guztiak lankideak hunkitu. Hau prentsari doakionez, baina zuzenbide mailan, eskubide mailan, badirudi Frantziako presidenteak konstituzioaren funtzioaren gainetik jarri behar duela. Izan ere, argi gelditu baitzen erreferendumaren ondotik, Frantziako boz emaileek Europako konstituzioaren aurka bozkatu zutela. Gertakari hori bazterrean utziz, Sarkozyk, beste konstituzio bat sakelatik atera du eta Asanblada Nazionalean bozkaraztea erabaki du, berriz ere erreferendumik antolatu gabe. Anne-Marie Le Pourhiet, Renneseko Zuzenbide Publikoko irakasleak, burua altxatu du hori ezinezkoa zela errateko, presidenteak ezin duela biztanleriak hartu duen erabaki baten gainetik pasa. Frantses Konstituzioko artikulu batzuk eman ditu adibidetzat, hori adierazteko. 1793ko Konstituzioko 27. artikuluak dio gizon askeek subiranotasuna zangopilatzen duen pertsona hil behar dutela, eta heriotza zigorra debekatua denez Konstituzio berrian, 35. artikuluak dio Gobernuak herriaren eskubideak bortxatzen baditu, matxinatzea dela herria edo herriaren zati baten eskubide sakratuena eta oinarrizko betekizuna. Urrats handiak eman ditu Sarkozyk, hain gaulista izan eta Frantziaren independentziaren alde zegoen MAMen laguntzarekin. Bushen morroi bihurtu dira, ez da inoren onerako, botere kontzentrazioaren eta autoritarioaren garai honetan abertzaleok ez dugu Parisetik deus erdietsiko, baina demokraziaren oinarrizko lerroak ere hondatzera doaz. Jendarteak erreakzionatuko al du?