GARA > Idatzia > Gutunak

Txaro Markinez, Jon Otegi, Jon Urrusolo eta Karlos M. De Morentin LABeko ordezkariak Lakuako Mahai Orokorrean

Parlamentua bera da lotsa

Betidanik uste izan da parlamentua hiritarrentzako eredu izan behar zela. Gaur aldiz, baskongadetako parlamentuak ustea ustel bihurtu du berriro. EHAK izan da parlamentuko gehiengoak onartutako soldata igoeraren aurka azaldu den bakarra.

Egun, parlamentari batek hilero 3.700 euro jasotzen ditu, dietez eta bestelako gastuez gain. 2000. urtean goi karguekiko homologazioa onartu zuten, eta %6ko igoera adierazten du horrek. 2008rako %4ko igoera gehituz gero, zenbaki borobila ateratzen da.

Sinistea zaila bada ere, halaxe da. PNV, PP, PSE, EA, EB eta Aralar alderdiek justifikaezina den igoera hori onartzen zuten bitartean, sindikatuok administrazio publikoko langile guztien lan baldintzak negoziatzen saiatzen ari ginen. Eta ez ginen soilik soldatez ari, hain zuzen ere.

LABek ez du sekula aldarrikatu halako igoera motarik administrazioko langileriarentzat, eta oraingoan ere ez du egingo. Ez dugu guretzat eskatzen klase politikoak dituen lan baldintzak eta soldatak aldatzeko alde bateko ahalmena ere, nahiz eurenak nahiz geureak. Klase eta jendarte kontzientzia duen sindikatua gara.

Legebiltzarraren jokabideari buruzko gogoeta egin nahi dugu guk. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarraren kontrolpean dagoen Eusko Jaurlaritzak, langileon aldarrikapenak ukatzen eta jendarte politikan inbertsio lotsagarriak egiten dituenak, nola esan dezake hiritarrak ordezkatzen dituela eta haien interesak defendatzen dituela?

Administrazio publikoetako langileok gure lan baldintzak hobetzea eskatzen dugunean, ez soilik soldata, pribilegiatu eta pesetero esan ohi digute. Soldata abanikoak murriztea aldarrikatzen dugunean, txantxetan hartzeaz gain, jendarte diferentziak areagotu egiten dituzte, bai zergen barkamenen bidez, bai oraingo kasuan bezala, goi mailako soldatak igoz.

Hiritarrek politika sozial, etxebizitza, zerbitzu soziokomunitario edota babesgabeko sektoreentzako laguntza aldarrikatzen dutenean, dirua publikoa dela erantzuten dute, denetarako ez dagoela eta lehentasunak ezarri behar direla.

Herriaren zati honetako zenbat hiritarrek irabazten dute 3.700 euro hilean?

Lehengoan Legebiltzarrean gertatutakoak argi agertzen du PNV, PP, PSE, EA, EB eta Aralar alderdiek herritarrekiko duten mespretxua. Parlamentarien soldatak diru publikoz ordaintzen dira, ez die axola, baina.

Zoritxarrez, EHAK izan da parlamentuan onartutako igoeraren aurka agertu den talde bakarra, eta horrek pentsarazi egin behar digu. Baita ere, ate itxian adostu izanak, duten lotsaren zantzua adierazten badu ere, euren homologazioaren aitzakiapean haizegailua martxan jartzen dutelako ea «ate itxi» horri begiratzeari uzten diogun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo