GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ZIKLO-KROS | Zeberio

Ruiz de Larrinagak beste garaipen bat eskuratu du

Gasteiztarrak Suarez eta Diez kantabriarrak menderatu zituen

p043_f01_097x136.jpg

Unai IRARAGORRI | ZEBERIO

Ez zuen aukerarik eman eta Javier Ruiz de Larrinaga Zeberion gailendu zen atzo. Gasteiztarra sasoiko dabil eta beste garaipen bat ospatu zuen, Isaac Suarezen eta Jose Antonio Diezen aurretik. Bizkaiko txapelketan, Joseba Leonek eta Erlantz Uriartek eliteko eta 23 urteko azpikoen txapelak jantzi zituzten.

Hiru txirrindularik besteei hanka egin zieten hasieratik: Ruiz de Larrinagak, Diezek eta Suarezek. Euskalduna indartsu zegoen, eta sasoiko. Lehengo asteburuan Ermuan eta Ormaiztegin altxatu zituen besoak.

Beraz, bosgarren itzulian erritmoa bizkortu zuen gasteiztarrak. Poliki, aldeak areagotu zituen; indartsuena bera zen eta horixe frogatu zuen lokatzean. Ibilbide aproposa zen, denetarik zuen, eta eguraldiak ere lagundu zuen. Zaleek adore eman zioten Ruiz de Larrinagari.

Helmugan, Bulletvan taldekoak urteko bosgarren garaipena lortu zuen -Karrantza, Ermua, Ormaiztegi eta Arabako txapelketak-, Suarezi irabazita.

Bizkaiko Txapelketa Leonek bereganatu zuen, Zuberoren eta Garridoren aurretik iritsita; eta Uriartek 23 urteko azpikoen txapela jantzi zuen; nesketan, Mukija nagusitu zen berriro ere.

Valentzian, berriz, euskaldunak nagusitu ziren eta Unai Yusek David Seco menderatu zuen helmugan. Izan ere, esprintean gainditu zuen gasteiztarrak Busturiakoa. Secok, Yusek eta Armero kataluniarrak hasieratik ihes egin zuten, eta proba erdian Secok besteei hanka egin zien; baina Yusek harrapatu egin zuen eta garaipena bereganatu zuen azken metroetan azkarrago ibiliz. Hortaz, Aidazu-Lankidekoak denboraldiko seigarren garaipena erdietsi zuen, Candamon, Pobesen, Bergaran, Colindresen, Navian eta atzo Valentzian ere garaile izan ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo