GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Orain 30 urte iruzur egin zuten eta errepresioak ez du etenik izan Euskal Herrian»

«Orain 30 urte egindako iruzurraren lekukotza argi»tzat aurkeztu dituzte beren buruak agerraldian, guztiek pairatu baitute etenik izan ez duen errepresioa. Azken gertakariak Euskal Herrian bizi den salbuespen egoeraren islatzat jo, eta errepresioari mugak jartzeko deia egin dute.

p017_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

«Zer aldatu da 30 urte hauetan? Ezertxo ere ez». Hori esan zuten errepresioa modu zuzenean bizi izan duen hainbat belaunalditako gizon-emakume talde zabalak atzo egindako agerraldian. Juanito Trecet eta Zaine Rekondo preso ohiek hitz egin zuten guztien ordezkari.

Hogeita hamar urte hauetako errepresioari gainbegiratu bat egin zioten eta ondorioztatu zutenez, ez da etenik egon, inondik ere. Gogora ekarri zuten 1977ko abenduaren 9an utzi zutela aske azken preso politikoa, Fran Aldanondo ondarroarra. «Ez zen denbora asko igaro askatasun hura gezurrezkoa zela frogatzeko; Fran bera izan zen, gainera, iruzur horren ispilu, tiroka hil baitzuten handik hiru urtera». Trecetek eta Rekondok aditzera eman dute «Erregimenaren zimentarriak edonola bizirik izatea zen itxurazko aldaketen atzean zegoen egitasmoa, mamirik gabeko bakea, konponbiderik gabeko aldaketa».

Orduz geroztik, 4.000 euskal preso politikok baino gehiagok ezagutu dituzte, jakinarazi zutenez, «izan daitezkeen espetxerik ankerrenak, neurririk gogorrenak eta gertakaririk latzenak».

«Damutze politikaren xantaiarekin presoek amore eman eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa apurturik izango zutela pentsatu zuten. Ez zen horrela izan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, neurri gogorrak jasanez ere, aurre egin ziolako. PNVren irudimen errepresiboari esker, abian jarri zen sakabanatze politika». Horren harira, oraindik orain, arduradun horiek Estatu espainoleko Gobernuarekin egindako izugarrikeriak onartu dituztenik ez dute sumatu, eta sakabanaketarekin amaitzeko pauso eraginkorren bat eman izanaren berririk ere ez dutela gogor kritikatu zuten.

Hala eta guztiz ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa desegitea, egin ahalak eginda ere, ez dutela lortu nabarmendu, «eta behar diren beste milaka urtez espetxe politikaren ondorio larriak mugatzen jarraituko duen herritarren elkartasuna bizi-bizirik» dagoela gogorarazi zuten.

Beren iritziz, azken aldian, euskal preso politikoen aurkako politikak gogortu egin dituzte hala Gobernu espainolak, nola frantsesak. «Muturreraino estutzen ari diren politikak preso politikoak akabatzeko borondatea erakusten du bi gobernuen aldetik; borondate hau borondate ezaren ispilu ere bada, gatazka politikoa konpontzeko borondate eza ezin argiago ikusten baitugu erabilpen eta xantaia jokabide honekin», ohartarazi zuten.

Azken asteetako gertakariak ere ez zituzten alboratu nahi izan, 30 urteon ispilu direla uste baitute. «Gertaera larriak izan dira, eguna joan eta eguna etorri, Iñaki Bilbao, Puerto III, Angel Figueroa, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Joan Bidart, torturatutako euskal herritarrak, atxiloketa masiboak, debekuak eta ilegalizazio mehatxuak berriro». Euskal Herria «salbuespen egoera larrian» bizi denaren adierazle dira horiek guztiak, beren iritziz.

«Dirua, boterea eta interesak»

Orduan bezala, orain ere, «batzuk dirua, boterea eta interes partidista nahiz pertsonalak herri honen beharren eta benetako konponbide baten gainetik jartzen ari direla» salatu zuten, modu horretan, «iruzur berri bati bidea irekiz eta herri honen eskubideei bizkar emanez».

Horregatik guztiagatik espetxeetan eta Euskal Herriko kaleetan bizi den errepresio politikoari mugak jartzeko deia egin zuten «errepresio politikoari duintasunaren muga, elkartasunaren muga eta gu guztion borrokaren eta konpromisoaren muga jartzea posiblea eta beharrezko ulertzen dugulako».

Horrekin batera, errepresioren harresia behera bota eta amnistiaren eta askatasunaren bidean urrats sendoak emateko garaia dela aldarrikatu zuten. Era berean, datozen asteotan herriz herri eta auzoz auzo Euskal Herria osoan presoen alde egingo diren ekimenetan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.

Pausuak

Sakabanaketa politika abian jarri zuten EAJ-PNVko arduradun politikoak ez dituztela egindako izugarrikeria onartzen sumatu eta ez direla honekin amaitzeko pauso eraginkorrik ematen saiatu salatu zuten.

borondate eza

«Bi gobernuak muturreraino estutzen ari diren politikak preso politikoak akabatzeko borondatea dutela erakusten du; borondate hori borondate ezaren ispilu ere bada, gatazka politikoa konpontzeko borondate ezarena» .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo