GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri jasotzea | Errekor saiakera

Irigoienek marka berria ezarri du 152 kiloko harri kubikoarekin

Errezildarrak 17 jasoaldi eman zizkion harriari, Goenatxok lehendik emandakoak baino bat gehiago. Saioa ikusteko 2.000 ikusletik gora batu ziren.

p045_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA | ZIZURKIL

Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin, eta atzo marka berria ezarri zuen 152 kiloko harri kubikoarekin. Errezildarrak hamazazpi aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta lehen Goenatxok zeukan marka jasoaldi batekin ondu zuen.

Errezildar gazteak zaleak erakarri egiten ditu, eta atzo ere horixe baieztatu zen Zizurkilgo pilotalekuan, izan ere, 2.000 ikusletik gora batu baitziren marka saiakera zuzenean ikusteko asmoarekin.

Inork gutxik uste zuen markarik ez zela beteko. Azkenean horixe gertatu zen, hau da, Aimarrek lortu zuela helburua. Lehen zegoenaren gainean, jasoaldi bat gehiago eman zion, baina bi gehiago ere izan zitezkeen, zorte txarra izan ez balu. Hemezortzigarrena ere jasotzea lortu zuen, baina gorputzak apur bat aurrera egin zion, eta epaileek ez zela baliozkoa erabaki zuten, eta 17rekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, marka eginda zegoen, eta helburua beteta.

Dena dela, garbi geratu zen beste bat gehiago jasotzeko adina badela, eta alde horretatik ere, gustura egon beharra dauka, nahiz eta pena hartu zuen azkeneko jasoaldi horrekin huts egitean.

Errezildarra hiru jasoaldi jarraian emanez hasi zen, eta gero atsedentxoa hartu. Ondoren, binaka egin zituen jasoaldiak, eta azkeneko bostak jarraian. Taktika horrekin plazaratu zen, dena ongi prestatuta zeukala, eta primeran joan zitzaion.

Amaieran oso gustura agertu zen Aimar: «Marka haustea zen gaurko helburua, eta hori lortu dut. Izan ere, gauzak ongi joan zaizkit, eta oso gustura nago», aitortu zuen saioa amaitu ostean. Ustel eman zioten jasoaldiari buruz, zera esan zuen: «Oso justu heldu naiz azkeneko jasoaldi horretara, eta horren ondorioa izan da. Gora eraman dut, baina gero okertu egin naiz. Pena ematen dizu, horren gora eraman eta ustela izatea, baina horrela beharko du. Helburua, behintzat, beteta geratu da erabat», aitortu zuen 21 urteko mutil gazte horrek.

Aimarrek ez du atzokoaz gozatzeko tarte handirik izango, ezta atseden hartzeko ere, hurrengo erronka ostiralean bertan izango baitu Azpeitian.

Une honetan modan dagoen kirolaria da Irigoien, eta ez da harritzekoa, lortu duen guztia kontuan hartzen bada. Azpeitian, 175 kiloko zilindro koparekin arituko da eta bi minututan marka berri bat ezartzeko asmoa du. Harri horrekin denbora tarte horretan ez dago markarik, eta errezildarrak berak jarri nahi du on bat. Atzo bezalaxe, ez du animo faltarik izango: bere herritik oso gertu arituko da, eta Azpeitiko plaza ere gainezka izango da bere saiakera ikusteko joandako jendez.

Hori eginda, atseden hartzeko asmoa duela azaldu du. Ongi merezitakoa izango du, izan ere, aurten jokatu dituen txapel guztiak jantzi baititu, eta egin nahi zituen markak ere, orain arte, behintzat, lortu baititu.

Perurena II.ak ahalegina egingo du 290 kiloko harriarekin

Urte bukaera honetan harri jasotzaileek markak egiteari ekin diete, eta Inaxio Perurenak ere iragarri du berea: Asteasun egingo du, abenduaren 31n. Leitzako gazteak 290 kiloko harri angeluzuzena berdindu nahi du, bere marka pertsonala egiteko asmoan.

Aurretik, hilaren 26an, Miren Urkiolak bere saiakera egingo du Zestoako pilotalekuan, 120 kiloko zilindroarekin.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo