Espero ez genituen bertsoak «espero ez zenuen erantzuna»z
Gutxitan aterako zen kartzelako ariketa bat atzokoan bezain arraro eta bitxi. Jon Martinek neurri eta errima bitxiko hiru bertso kantatu zituen, entzuleen harridurarako. Maiak hiru bertso bikain bezain gaitik kanpoko. Mendiluze Ataun arte joan zen eta «nolabaiteko» neska batekin ibili ondoren hiesaren frogak egin behar izan zituen. Eta Zubeldiak lortu zuen beste behin giroa berotzea.
Joxean AGIRRE
Gaia honela formulatu zuen Saroi Jauregik: «Erantzun baten zain asteak eman dituzu. Espero ez zenuen erantzuna jaso duzu». Irazuk 18/98 sumarioko erruduntzat jotako baten ahotik kantatu zuen. Oso txukun, baina goia jo gabe. Mendiluze arriskatu egin zen eta ixtorio bihurregi bat atera zitzaion, tarteka, neskaren deskribapenean gaur baztertu samar dagoen hizkuntza modua baliatuz. «San Martin bezpera eta nola geratu etxean/ festara abitu nintzen Ataun aldera kotxean/ nolabait aparkaturik baserri baten atzean/ geroztik orduak pasa ziren barraren ertzean/ baina behin behar ta gaua ezin bukatu hutsean/ neska bat inguratu zen baietzean baietzean/ ai, zenbat gozatu nuen nik gerritatik heltzean/geroztik damutu egin zait joan den egun bakoitzean», esan zuen lehenean habanera doinuan. «Gogotikan egin nion lehenbiziko atakea/berak nolako gogoa, nolako borondatea/ normala, bukatu eta berriz barrara joatea/ herriko batek han eman zidan neskaren partea/ motel, hori ez dek garbia, hain zegok tatxaz betea/ hori dek eskurik esku ibiltzen den paketea/ normala, pentsatu nuen neri baietz esatea/ Aitor, nola da posible hain itsua izatea», bigarrenean. «Toriatu aurretikan neurtu behar da plaza/ ni ordea izan nintzen horretan ere eskasa/ zer pasako da, zer zuen, ondoren galdera jasa/ hiesa proba egin ta itxoitea ez da erraza/ Aitor, nola izan zinen horretarako kapaza/ gaur jakingo det garesti irten al zaidan jolasa/ paperak ezetza dio, ez, ez dela ezer pasa/ eta aspaldiko partez berriz hartu det arnasa», hirugarren bertsoan.
Jon Martinen esperimentua
Jon Martinek iragarria zuen, egokierarik bazuen, esperimentu bat egiteko gogoa zuela eta kartzelakoan ausartu zen horretara. Hona bere lehen bertsoa. «Hain zera neska neska formala/ hain zera neska polita/ zu ikusteko irrika/ maitemintzea normala/ mundu guztia bezala/ ni're sentitzen naiz lizun/ dula asko esan nizun/ asko maite zintudala/ oraindik ere kuttuna/ zaude nere barrenean/ azkenean azkenean/ iritsi da erantzuna/ ezetz esaten duzuna/ ahala eta ezina/ poza ta bestetan mina/ horixe da maitasuna». Esperimentuak entzuteko ere prest dagoela frogatu zuen publikoak, txaloz hartu baitzuten hiru bertsoak.
Maiak ere deskolokatu egin gintuen. «Badakit zu ez zarela egoten sekula lasai/ arriskuari urrundik hartzen baitiozu usai/ esan nizun etortzeko eta erantzun zenidan ai/ aste batzuetan behintzat pentsatzeko hartzen det jai/ asteetan egondu naiz zure erantzunaren zain/ zu baitzara nere argi, nere begi hauen talai/ finalera etorri zera irabaztea dezu nahi/ lehen neregatik nahi nuen, orain zugatik ere bai», kantatu zuen lehena eta hiru maitasun bertso bikain burutu zituen, baina gaira sartu ezinik bezala.
Sarriegi ez zen konplikatu eta haurdun geratu nahi zuen emakume baten larrutik kantatu zuen, probek zer emango zioten zain hau ere. Gaztelumendik sei urteko ume baten ahotik kantatu zuen. «Gaua beltza da, baina ikusten da mila izarren argia/ sei urte dauzkat ta poza ez da bizi hontan ugaria/ bi aste dira idatzi nula karta baten guraria/ bi aste dira egon naizela dardar eta eroria/ bi aste eta orain begiak bustita dauzkat ia/ gaur heldu baita Olentzerori eskatutako oparia», hasi zen Beñat eta urtetan etxetik kanpo egondako aitaren etorrera kontatu zigun.
Unai Agirrek oso ondo heldu zion gaiari minbizia zuen edo ez aztertzeko probak egin zizkioten gaixo baten paperean.
Baina beste behin nota Iker Zubeldiak eman zuen. Ikusmina zegoen zegamarra ariketa honetan zer-nola moldatuko zen ikusteko eta ondo ase zituen bere jarraitzaile ugariak. «Ez dakit ziur nere bihotza erabat zahartzen ari dan/ beti maite bat izaten degu gogoko ta ikusmiran/ eskutik heldu ta Mirakontxan gelbiltzala kalejiran/ nahiz elkarrekin pasa ditugun bost edo sei urte segidan/ nik ezkontzeko eskatu nion ta ezetz erantzun zidan», kontatu zigun lehen bertsoak. Finaleko bertsorik txalotuena izan zen atzo Zubeldiarena. Hilabete geroago beste ahalegin bat egin ondoren, hirugarren bertsoan neska hori ahaztu eta beste batekin saiatzea erabaki zuen. «Horrenbestean hura ahaztuta azkar berriaren bila/ beira zazute haruntza gora zer nolako koadrila/oso txintxoa ez izan arren, maitalea borobila/ Uno ochenta ez dauzkat baino, ondo eindako mutila/ nekin ezkondu nahi duen harek oholtzara igo dedila», bukatu zuen hirugarrena.
Giroa, ikusgarria
Finala hasi baino ordubete lehenago auto pilaketa handiak ziren Ilunbe inguruan eta ordua baino lehen jendez mukuru zegoen aretoa. Zortzi finalistak jendez ingurutarik sartu ziren txalo artean. Han-hemenka pankartak ikus zitezkeen ia finalista guztien izenekin. Agurrik dotoreena Maiarena izan zen: «Hogeita hamabost urte dauzkat ta Jon Maia dut izena/ eta ematen ez badet ere, ni naiz taldeko zaharrena/ ezkutatzeko ez daukat ezer, erakutsi nahi det dena/ arratsaldeon lekuko denei eta tribunal gorena/ arratsaldeon audientzietan audientzia nazionalena/ gaur egin nahi det egin daiteken deliturik handiena/ gure kondena/ eta zuena/ ezin bestean da garaipena». Agurrik politena, berriz, Gaztelumendirena izan zen, beharbada: «Hau omen da Ilunbe, aibala, aibala/ uste nun handigua izango zala/ etorri gera zazpi zezen eta txahala/ kantatu nahi det lasai banengo bezala/ pentsatuz hau dala/ nere etxeko sala/ bi adarrak hala/ goruntz ditudala/ gainditu nahi nauenak sofri dezala».
Bertso printza dirdiratsuak asko eta bertsoaldi oso onik ere izan zen lehen zatian. Zortziko nagusian Irazu eta Mendiluze bikain aritu ziren, are bikainago Mendiluze. Maia luzitu zen neurri horretan Jon Maratinekin egin zuen afari erromantikoan, pertsonaia konplexu bat zirriborratzea lortu baitzuen. «Egia da bai arraroa da harreman honen kasua/ soilik hitz polit batzuk ditugu, ez da iristen musua/ beti bereiztu izan ditut nik maitasuna ta sexua/ zurekin dator egurra baina, harekin pizten det sua», bota zuen lehenengoan. Bi bertsoaldi horiek izan ziren onenak.
Zotziko txikian Irazu eta Maia ama-semeak jaunartzeko argazkiaren inguruan ederki aritu ziren. «Oraintxe barruraino sartu zait damua/ hara non agertu den Ternuko mamua/ azkenengo bidaia izan da Ternua/ baina argazki hori hain da eternua», kexatu zen hirugarrenean Maia eta begira nola erantzun zion Irazuk: «argazki hori kenduko det nere jardunean/ bodako argazkia jartzen dezunean». Oso ondo konpondu ziren Sarriegi eta Zubeldia ere urte osoa auzoan bizi, karabanarekin hilabete pasatzera joana eta berriro elkarren ondoan suertatu zirenenekoan. Ikerren hiru bertsoak izan ziren burutsuak. «Oporrak pasatzea genduen buruan/ eta Aitor jarri zait nere inguruan/ oporraldi ederra pasako genduen/ biolina etxean utzi bazenduan», kantatu zuen lehen bertsoan. «Oraindik ere ez naiz ausartu jotzera/ nentorren zu bistatik izkutatze aldera/ baina ez ote zatoz gaur faltsu antzera/ ni nengoen tokira zu etorri zera?», erantzun zion Sarriegik. Puntuei erantzuten Irazu eta Mendiluze izan ziren onenak. Hamarreko txikian Irazuk bertsoaldi ona egin zuen Jon Martinekin eta Gaztelumendi izan zen maisu Zubeldiarekin.