GARA > Idatzia > Kultura

Pablo Barriok, Karmele Igartuak eta Julen Arriolabengoak jaso dute Euskaltzaindiaren literatur saria

Datorren urtean 50. urtemuga beteko duten sariak lau ataletan banaturik daude: olerkia, antzerkia, saiakera eta eleberria. Aurten, azken hau, nobela saria, eman gabe gelditu da.

Anartz BILBAO | BILBO

Atzo eguerdian, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan, BBKrekin batera antolatu ohi dituen literatur sarien emaitzak eman zituzten, sarituak bertan zirela. Andres Urrutia erakundeko lehendakariak egin zuen aurkezpena eta atal bakoitzeko epaimahaikide batek azaldu zuen hartutako erabakiaren zergatia.

Sebastian Garcia Trujillok azaldu zuen Txomin Agirre nobela saria eman gabe gelditzearen zergatia, Ur Apalategi eta Iratxe Retolazarekin osatu duen epaimahaiaren izenean. Idazketa aldetik lan txukunak jaso dituzten arren, gaien garapenean ahulak iruditu eta nahiago izan dute saria eman gabe utzi.

Lourdes Otaegi, Felipe Arrese olerki sariaren azalpenak emateaz arduratu zen; Jon Kortazarrekin eta Mikel Lasarekin osatu du epaimahaia. Lan sarituaren egitura estetikoa, edertasuna bilatzeko joera, eta gai esanguratsua erabili izana goraipatu zituen, eta «gardena» adjetiboa erabili zuen Karmele Igartuaren olerkigintza definitzeko. Parte hartu dutenen artean maila bikaineko beste bi lan ere nabarmendu zituen.

Bergarako Idazle Eskolan trebatutakoa, Karmele Igartuak «Hitzak orbainetan» lanagatik jaso du saria. Irakasle aretxabaletarrak bizitzak memorian utzitako arrastoei begiratzen die zazpi ataletan.

Toribio Altzaga antzerki sarien aipamena Patri Urkizuk idatzi zuen. Amaitzear dagoen urtea antzerkiarentzat ona izan dela esan eta egindako antzezlanak aipatu zituen. Pablo Barrio irabazlearen lana euskara aberatsean emana dagoela adierazi zuen, eta lehenbailehen taula gainean ikusteko desioa ere erakutsi zuten Urkizuk berak, Eugenio Arozenak eta Daniel Landartek osatutako epaimahaiak.

Agurainen jaiotako eta Gipuzkoara joandako Pablo Barriok beste behin irabazi du antzerki saria, 2003an eskuratu baitzuen aurrenekoz. «Kontrako bidean» lanean, zahar etxean bizi diren senar-emazte batzuen istorioa kontatzen du bertako langileak, Txaro banatu berria tartean, greban dauden bitartean, lan arazoak direla medio.

Adolfo Arejita luzatu zen gehien azalpenetan, Julen Arriolabengoak lortutako Mikel Zarate saiakera sariaren berri ematean. Lana ez ezik lanaren atzean dagoen ikerketa lan eskerga ere goraipatu zuen, egun epe luzera lanerako prest dagoen ikerlari asko ez dagoela adieraziz. Saiakeraren azken kapituluan sintesi oso ulergarria zegoela eta etor daitezkeen ikerketa berrientzako oinarri sendoa zela ere gaineratu zuen. Arejitarekin batera, Antton Aranburu eta Iñaki Aldekoak epaitu dituzte saiakerak.

Julen Arriolabengoa aramaioarrak «Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan» aurkeztu eta lan filologiko interesgarria egin du, erromantzez idatzitako lanean, gutxi bada ere, XVI. mendeko euskara ageri delako.

Ibilbide luzeko elkarlana

BBK-ko Gorka Martinez eta Joserra Bilbao ere izan ziren prentsaurrekoan. Azken honek esan zuenez, Euskaltzaindiarekin batera ematen dituzten sariek 50. urtemuga beteko dute datorren urtean eta garrantzitsu bihurtu dira euskal literaturan. Aurten lau eleberri, zortzi antzerki lan, lau olerki sorta eta hiru saiakera aurkeztu dira. Eleberri saria eman ez izana zorroztasun eta lan onaren seinaletzat jo zuten, ez dela edozein lan saritzen adierazten duelako.

Fitxa

Eleberri saria: Eman gabe gelditu da. 8.000 euro.

Antzerki saria: «Kontrako bidean», Pablo Barrio. 5.000 euro.

Olerki saria: «Hitzak orbainetan», Karmele Igartua. 5.000 euro.

Saiakera saria: «Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan», Julen Arriolabengoa. 6.000 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo