GARA > Idatzia > Ikusmira

Jaia eta aldarrikapena elkarturik San Mamesen

Hilaren 29an Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioen arteko partida jokatuko da San Mamesen. Gabon garaian ospatu ohi dena baino haratago doan norgehiagoka da aurtengoa. Lehenengo eta behin, selekzioari Euskal Herria izena emateko jauzia eman dute zuri, berde eta gorri koloreak defendatzen dituzten jokalariek. Ez da edonolako pausoa, selekzioak nazio izaera bere izen propioa erabiliz aldarrikatuko baitu. Kataluniako selekzioak partidaren inguruan antolatu diren ekimenetan izango duen parte hartzeak aipamen berezia merezi du. Estatu frantsesak eta Estatu espainolak nazio selekzioen garapenari jartzen dizkioten oztopoak kontuan izanik, laguntasun hori guztiz positibotzat jo daiteke. Besterik ez bada, oihartzun handiagoa emango baitio selekzioen aldeko aldarriari. Partidaren aurkezpen egunean argi geratu zen selekzio bateko zein besteko jokalariek aurrera egiteko grina badutela. Atzo zabaldu zen manifestuak konpromiso hori sendotzen du. Bertan Euskal Herria txapelketa ofizialetan ordezkatzeko aukera aldarrikatzen dute ehun bat kirolarik. Euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena zehaztapen fasean sartu da. Autonomia erakundeek orain arte agertutako jarrera ez da nahikoa izan, eta konpromiso sendoagoak landu behar dira berebiziko garrantzia duen partida hau behingoz irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo