Jon Umerez Urrezola UPVko Logika eta Zientziaren Filosofia saileko kidea
Zer injustizia UPVn?
Azken gertakariak direla-eta, azaroko kontu bati buruzko iritzia agertzeko aukerarik izan ez dudanez, orain helduko diot.
Arren! Horrenbeste sufrimendu pairatzen duen Euskal Herri honetan etsigarria da estra-akademikotik ezer gutxi duen kontu bat herri honen aurka eta hainbeste herritarren aurka egiten diren erasoekin nahastea. Ondorio latzak dituzten bidegabekeria eta eraso bortitz ugari gertatzen direnean (aipatu izan direnak, tortura, kartzela, debekuak eta eskubideen murrizketak edo zapalketak ekarri dituzte), ez da ulergarria horrela jokatzea.
Inork pentsatzen badu bere lagunak edo bere anaiak aldarrikatzen dituen merituak ez direla nahi beste baloratu, epaimahaiko bost aditutik lauk pentsatzen dutenaren aurka, esatea dauka (eta frogatu, ahal badu). Ez diezaiela, ordea, epaimahikideei, norbaiten porrota zuritze aldera, izan ez dituzten jarrerak leporatu. Ezta irakurlea nahastu ere.
Katedra batera ez dute inor behartzen. Ez da Espainiako auzitegien aurrera azaltzera behartutako herri honen horrenbeste hiritarrena bezalako kasua (Egunkaria eta 18/98 auziak barne). Etxekoak proposatzen zuen noiz, non eta zertaz. Baita bi epaile ere (Ortziren kasuan ez bezala, aurkako 4-1 emaitza are esanguratsuago bilakatuz). Irizpideak ezagunak dira.
Katedra batera aurkeztu ahal izateko lehendik funtzionario izan behar da. Epaimahai osaketaz, katedrara bezalako oposizio bat dela medio. UPVn badago oraindik funtzionario espainola izateari uko egin dion meritu ez gutxiko hainbat irakasle. Gainera, gaur egungo legediak (LOU, LSUV) bide laboral berriak irekitzen ditu nahi duenarentzat.
Katedra ez lortzeak ez du inor Unibertsitatetik bidaltzen. Aurkezten denak lehengo baldintzetan irakasle titularra izaten jarraitzen du, eta bere irakas arloa ez da galtzen, ezta hau euskaraz garatzeko aukera ere. Beraz, arren! Gauzen neurria galtzen badugu, gureak egin du. Zer esanik ez arazo politikoarekin inongo lotura zehatzik ez dagoenean.