Ibon Urizar Oleaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua eta irakaslea
Campos Jaunaren beroaldia
Duela 13 urteko arazoak berpiztu diren honetan eta aurrekoan mobilizazioaren bitartez lortu genuenean, argi izan ez dugula etsiko, informatzen eta salatzen jarraituko dugu Norbanakoaren osasuna baloratu eta hobetzeko baliabideak ziurtatzen ditu gure arloak, eta ondorioz jendartearena ere bai. Osasuna- bizi-kalitatea binomioa jorratzen dugu gure ordutegi murritzean
Hotz egiten zuen larunbat goizean Kursaal Jauregiaren atarian. Hezkuntza Sailak gauzatutako dekretuaren ondorioz Heziketa Fisikoa arloko %40aren murrizketak izango lituzkeen ondorioei buruzko informazioa banatzen eta protesta egiten izan ginen zenbait ikasle eta irakasle. Bertaratutakoen artean iritzi ezberdinak antzeman zitezkeen. Batzuek aldeko jarrera eta kezka agertzen zuten. Beste batzuek harridura, ezjakintasuna. Susmo txarra hartu ziguten animalia larru barruan azaldutako zenbait pertsonak, gure asmoa lanpostuak ez galtzea zela argudiatuz. Tontxu oso jatorra zela eta ezin genuela bere izena horrela zikindu...
Hotza egiten zuen bai, baina Hezkuntza sailburuak, Jose Antonio Tontxu Campos jaunak, beroaldia izan zuen bere alderdiaren kongresura sartzera zihoanean. Bertan, alderdikideen aurrean, arrazoiak ematen duen babesaz jantzirik, «EA-Tontxu txapuzero, umeen osasuna orain eta gero» leloa zuen pankarta eutsi eta eskuorriak banatzen ikusi gintuen eta... berotu zen sailburua. Bere beroaldian osasuna eta heziketa fisikoa bateratzeagatik gezurti deitu zigun Campos jaunak. Baina oraindik ez dut ulertzen gezurra non dagoen, gure ikasgaia osatzen duten edukiek osasunarekin zerikusi zuzena dutenean, osasun fisiko, psikiko zein sozialarekin. Norbanakoaren osasuna baloratu eta hobetzeko baliabideak ziurtatzen ditu gure arloak, eta ondorioz jendartearena ere bai. Osasuna-bizikalitatea binomioa jorratzen dugu gure ordutegi murritzean.
«Honela ez duzue ezer lortuko!», oihukatu zigun sailburuak. Nola bestela? Irailean agindu zeniguten deiaren zain gaude. Gure ekarpenak kontuan hartuak izan ez diren arren erantzuna badugu jadanik, ezetz esan diozue Gorputz Hezkuntzari. Protesta eta salaketa beraien kongresuaren ateraino eramateagatik kexu zen sailburua. Nola adierazi behar dugu gure iritzia? Duela 13 urteko arazoak berpizten direnean eta aurrekoan mobilizazioaren bitartez lortu genuenean, argi izan ez dugula etsiko, informatzen eta salatzen jarraituko dugu.
«Kokoteraino nago gai honetaz!», esan zigun haserre. Hamaika entzuteko jaioak gara. Kokoteraino gu gaude. Europako Parlamentuaren ebazpenak, NAOS informea, Berlingo Heziketa Fisikoaren Biltzarra eta beste eragile askoren gomendioen gainetik, hezkuntza fisikoan ezjakintasun maila handia erakutsiz, dekretu baztertzailea onartu duzuen unetik. Atsekabeturik gaude agintarien maila ikusirik. Gainera, akatsetatik ikastea da gure arloko maximetako bat. Inor ez da jaio jakitun, zuzendu ezazue dekretua eta lasaiago sentituko zarete, buruko min gutxiago eta autoestimua egokiago izango duzu.
Autonomiaren tranparekin erantzuten duzue behin eta berriz. Abenduaren 5ean Gasteizko Legebiltzarreko Batzordean gertatu zenaren berri izango du dagoeneko gure sailburuak. Bertan inolako argudiorik gabe geratu ziren batzordekideak. Gure alorreko bi kidek egindako azalpenaren ondoren testua berraztertu behar zutela adierazi zuten bertan ziren politikariak, kontzeptu berri eta argitzaileen zaparrada jaso ondoren. Autonomia tranpa da, ikastetxeetan erreferentziazko ordutegiak aplikatzen direlako. Eta autonomia onuragarria dela uste dudan arren, orduen banaketa egokia egin ondoren eman behar da autonomia hori. Eta orain, berriro ere, PISA informea aterako duzue kapelatik, hau ere beste tranpa bat da baina, lasai, honen inguruan laster idatziko dugu zerbait.
Gero eta sedentarioagoa den jendartea dugu, eta ondorioz gaixotasun kardiobaskularrak ugariagoak dira. Elikadura arazoak daude eta umeen gehiegizko loditasunak gora egiten du. Gizarteak bizi dituen gatazkek eta indarkeriak eskoletara jauzi egiten duela ematen du... Heziketa fisikoak baditu horiei aurre egiteko nahikoa baliabide. Gure arloan sortzen diren lehia edo gatazka egoerak modu hezitzailean konpontzeko erak baditugu. Zeharka landu behar diren edukien ehuneko handi bat guk lantzen dugu.
Gizarte mailako arazo baten aurrean gaude, eta ondo legoke eztabaida zabalduko bagenu. Zer uste duzue dietista, nutrizionista, pediatra, guraso, ikasle-irakasle erakunde eta sindikatuek? Pribatuan zuen babesa badugu, baina publikoki esateak behar duen garrantzia emango lioke aldarrikapen honi. Jarraituko dugu, gero eta babes handiagoa dugulako, norbanakoen sinadurak, ikastetxeetako zuzendaritzak, klaustroak, nazioarteko erakundeen aholkuak eta abar.
Campos jauna, pertsona integralak lortzeko bidean Gorputz Hezkuntza arloko murrizketa baztertu beharra dago. Jarraituko dugu naiz eta hotza egin. Mens sana in corpore sano.