GARA > Idatzia > Zinema

Musika planetako biztanle dibertigarriak karteldegira iritsi dira

«Piccolo, Saxo & Cie»

Musika mundua ezagutarazteko helburuz, Marco Villamizar zinemagileak frantziar jatorria duen 3D animazio film berria zuzendu du. Talde lanak bizitzan duen garrantzia erakusten duen euskarazko eta gaztelaniazko film hezitzailea. Duela 50 urte Andre Popp musikagileak sortutako istorioan oinarrituta dago. Piccolo eta Saxo pertsonaiak desagertutako giltzen bila abiatuko dira tartean milaka abentura eta pertsonaia berezi ezagutuz.

p065_f011_98x56.jpg

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Piccolo, Saxo eta Do musika nota dira gaur estreinatuko den euskarazko eta gaztelaniazko 3D animazio film honetako protagonista nagusiak. Horietako bat Piccolo da, obedientzia, jakinduria eta bere eskalen biribiltasunagatik ezaguna den egurrezko instrumentu ederra. Saxo, aldiz, Piccolo ez bezala, metalezko instrumentu lotsagabea da eta inprobisazioa oso gustoko du. Musika planetan bizi diren pertsonaia hauek desagertutako Sol, Fa eta Do giltzen bila abiatuko dira. Ondorioz, planetan dena gaizki dabil, izan ere instrumentu familia guztiak haserre baitaude eta etengabeko eztabaidan baitabiltza. Arazoa konpontzeko asmoz, bidean zehar, pertsonaia ezberdinekin topo egingo dute: hala nola, notak lapurtzen dituzten aristokrata zoroekin, edota dena apurtzen duten perkusio instrumentuekin. Tartean, zabortegian bizi den Danbor ezagutuko dute eta harekin batera isiltasunaren herrialdera joango dira. Han, instrumentuen kanposantura joan eta ezustean bertan harrapatuta geldituko dira Mailu Doktore maltzurraren ezkutalekuan. Ondoren, abentura ugari biziko dituzte bertatik atera ahal izateko eta haren lagunak aske gera daitezen ahaleginduko dira.

Andre Popp musikagile frantsesak 1956. urtean asmatu zuen izen bereko istorioan oinarrituta dago. Bere garaian film honen milioika kopia saldu zituzten eta umeen belaunaldi ezberdinentzat musika hezkuntzaren oinarri bilakatu da. Iaz, 2006. urtean, 50 urte bete zirela aprobetxatuz, Marco Villamizar zuzendariak pertsonaia hauek birsortuko zituen filma estreinatu zuen. Villamizarren lehenengo film luzea bada ere, hamabost urte eman ditu 3D lanak ekoizten. Estatu frantsesean arrakasta handia eduki ondoren, Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko da Barton films enpresa banatzailearen eskutik. Euskaraz eta gaztelaniaz egongo da ikusgai Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetako zinema aretoetan.

«Piccolo, Saxo & Cie» filmaren musika Radio France-ko Orkestra Filarmonikoak grabatu du Jakub Hrusa musikariaren zuzendaritzapean. Andre Poopek idatzi duen kanta nagusia, Jean-Baptiste Maunier eta Bonnie Lener-ek abestu dute. Azkenik, Mailu Doktorearen kantuak L'oiseleur des Longchamps baritono frantses ospetsuaren ahotsa dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo