GARA > Idatzia > Euskal Herria

Publizitate sexistaren aurkako jarrera aktiboa aldarrikatu du Bilgunek

Bilgune Feministak kanpaina berri bat abiatu du Gabonen atarian. «Publizitate sexistarik ez» dioen itsasgarria kaleratu du, eta postontzi orotan eransteko dei egin die euskal herritarrei.

p024_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Azken bost urteetan bezala, Bilgune Feministak publizitate sexistaren aurkako kanpaina abiatu du Gabonen atarian. Egun, oraindik, publizitatean sexismoa oso presente dagoela salatu du, eta igortzen dituen gizon eta emakumeen gaineko arau, rol eta balioak zeharo estereotipatuak direla ohartarazi du. «Emakumeak zaintzarekin eta edertasunarekin lotzen dira, eta gizonezkoak, berriz, eremu publikoarekin, garaipenarekin, prestigioarekin...», azaldu dute, eta gaineratu, honek guztiak gizartearen imajinarioan eragina duela, eta egungo botere harremanak iraunarazten dituela.

Gainera, Bilgune Feministako kideek adierazi dute estereotipo hauek haurrek ere barneratu egiten dituztela iragarkietan ikusitako irudien eta entzundako mezu sexisten ondorioz. «Neskei, ingurukoak zaindu eta apain egoteari lotutako panpina eta jolasak bideratzen zaizkie, etorkizunean `benetako emakumeak' izatera heltzeko abileziak txikitatik ikastera eta jasotzera bultzatzeko; mutikoei, ordea, armekin jolastera, bideo jokoetan barneratu eta abentura anitz bizitzera, arriskatzera, ibilgailuen funtzionamendua kontrolatzera, eta ausardiaz, espazioaren agintea izatera hel daitezkeela irakasten zaie», adierazi dute.

Bilgune Feministaren iritziz, urte osoan ikus daitezke publizitate sexistaren adibide franko, baina Gabonetan areagotu egiten dira, eta edonon agertu ohi dira. Horregatik, urtero sasoi hau iristean, lan berezia egiten dute. Aurrekoetan, enpresa zehatzei zuzendu izan dizkiete beren interpelazioak publizitate sexistaren aurkako neurriak har ditzaten. Aurten, ordea, pauso bat gehiago eman, eta euskal herritar orori dei egin diete kanpaina honetan parte hatzeko.

Bide horretan, itsasgarri bat argitaratu dute, «Publizitate sexistarik ez» irakur daiteke han. Pegatina beren postontzietan itsasteko gonbita egin diete herritarrei «emakumeen duintasunaren kontrakoa den publizitaterik etxean ez onartzeko; eduki sexistak dituen publizitatearen aurrean, desadostasuna eta boikota adierazteko».

Itsasgarria hainbat herritako Bilgune Feministak banatuko du, edo ehbfeminista@gmail. com helbidera mezu bat bidalita eskuratu ahal izango da. Kanpaina ez da Gabonetara mugatuko, datozen hilabeetara ere luzatuko duela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo