Aizkora Desafioa
Otaegi eta Rekondo lehen apusturako prest daude
Zizurkilgoa eta Leitzakoa etzi neurtuko dira 12.30ean hasita, Tolosako zezen- plazan. Bakoitzak sei 60 ontzako eta zortzi kana-erdiko izango dituzte aurrean
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Joseba Otaegi eta Jon Rekondo beren estreinako apustuaren atarian daude. 24 eta 22 urteko bi gazte hauek jokatuko duten norgehiagokak ikusmin handia piztu du, eta etzi 12.30etik aurrera Tolosako zezen-plazak itxura bikaina izango du.
Joseba Otaegi Zizurkilgoa da, 24 urte ditu, eta gogo biziz heldu da desafio honetara: «Egia esan, txapelketek ez duten presioa nabaritzen da. Apustuak desberdinak izaten direla esan ohi da, eta horretaz jabetzen ari naiz», esan du.
Hala eta guztiz ere, berak ongi dagoela adierazi du: «Egia esanda, ongi nago. Plazan ez dut behin ere horrelako lanik egin, eta horrek nolabaiteko kezka sortzen zidan, baina gustura aritu naiz entrenatzen». Etzi, aizkolari bakoitzak sei 60 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, 4.000 euro jokoan izanik.
Otaegik hasieran kana-erdikoekin bakarrik jokatu nahi zuen apustua, baina orain nahiko konforme agertzen da: «Egia esan, nik kana-erdikoetan nahiago nuen, baina azkenean berak 60 ontzakoak ere sartu nahi izan zituen. Nik eramango ditut 60 ontzakoak plazara, eta horrek lasaitasun apur bat ematen dit», aitortu du Zizurkilgo aizkolariak.
Berak eraman behar dituenak, enbor onak direla iragarri du: «Niri ez zait komeni lana luzatzea, eta enbor onak eramango ditut». Agite eta Iriarte izango ditu lagun etziko apustuan, eta berak garbi utzi zuen zergatik: «Agiterekin ari naiz entrenatzen, eta bera izango da nire erakuslea, baina aizkorak Iriartek emango dizkit. Apustua egin nuenean argi neukan horrela izan behar zela. Aizkoran hasi nintzenean, gazteen Urrezko Aizkoran bikote izan ginen, eta txapela lortu genuen. Asko lagundu dit, oso ongi ezagutzen dugu elkar, eta bera nirekin izateak lasaitasuna ematen dit», esaten du.
Rekondok zertan ematen dion beldurrik gehien galdetuta, zera erantzuten du: «Bere hasierak. Uste dut oso azkar hasiko dela, eta ihes egingo ote didan beldur naiz».
Leitzarra, lasai
Jon Rekondok, oraindik ez omen du sumatu txapelketatik apustuetara dagoen ezberdintasun hori: «Oraindik ez. Egia da entrenamenduetan nabari dela, baina gainerakoan lasai nago. Uste dut larunbat aldera hasiko direla kezkak», esan du.
Berak garbi utzi du ongi dagoela, nahiz eta eskertuko zukeen prestatzeko denbora gehiago izatea. Lanari dagokionez zera esan du: «Niri 60 ontzakoak gehiago gustatzen zaizkit, oso ongi moldatzen naiz halako enborrekin». Berak kana-erdikoak plazaratuko ditu, eta txarrak ez direla onartu arren hobeak ere aurkitu omen daitezke.
Otaegi mutil handia da, eta indartsua, horrek kezkatzen du Rekondo: «Bera mutil handia eta indartsua da. Barruko lanetan oraindik zerbat falta zaio, baina azalean enborrari min handia egiten dio, kolpe handia dauka, eta horrek kezkatzen nau gehien».
Une honetan, kanpoko jendea egiten ari den apustuetan, dirua parean omen dago. Otaegiri bezalaxe, Rekondori ere, horrek ez omen dio kezka gehiegi sortzen: «Begira, nik apustua daukat buruan. Gero, jendeak dirua zeinen alde jokatu nahi duen, bakoitzak ikusiko du, ni plazara joaten naizenean, ni ez naiz horri begira egongo».
Zizurkil inguruan bezalaxe, Leitza aldean ere sekulako ikusmina dagoela onartu zuen: «Hemen 200 sarrera jarri ziren salgai eta segituan saldu ziren. Autobusak ere antolatu dituzte, sekulako giroa dago. Nik nire garaian gu bezalako bi aizkolari gazteren arteko apusturik ez dut ikusi, eta horrek jendea piztu egin du. Gainera jokatu zen azken aizkora apustua ere ona izan zen, eta horrek ere laguntzen du», esan du. Kontuak kontu jende asko espero da Tolosan, batez ere gazte jendea.
Aimar Irigoienek marka saiakera egingo du gaur Azpeitiko plazan. Bertan, 175 kiloko zilindro koparekin arituko da, eta bi minutu izango ditu lanerako. Harri horrekin tarte horretan orain arte ez du inork markarik egin, eta errezildarrak gaur zerbait ona eta handia egiteko asmoa izango du.
Irigoienek joan den igandean Zizurkilen egin zuen azkeneko marka 152 kiloko kubikoarekin, eta orduan 17 jasoaldi eman zizkion hiru minututan; hala, lehen Goenatxok zuen marka jasoaldi batean hobetu zuen. Errezildarrak sasoi bikaina du, eta hori baieztatzeko, azkenaldian egin dituen lanei erreparatu besterik ez dago. Hala ere, igandetik gaur arte oso tarte txikia izan du, harriak oso ezberdinak dira, kubikoak ez baitauka zerikusirik zilindro koparekin, pisua ere ezberdina da, baina denek garbi dute Aimarrek marka handia egingo duela. 10-12 jasoaldiren tartean ibili baietz esaten dute zaleek, baina hori gaur eguerdian ikusi beharko da.
Ikusmin ikaragarria dago gaurko ere. Joan den igandean 2.000 lagunetik gora bildu zituen, eta gaur ere beste horrenbeste izango dira Azpeitian. Asteguna izan arren Azpeiti inguruko herri askotan jai izango da, eta Errezil ere Azpeititik oso gertu dago. Beraz, saioa ongi ikusi nahi duenari goiz joatea komeni zaio leku ona hartzeko. Ekinaldia, 12.00etan hasiko da.
Gaur gertatzen dena gertatuta ere, urte bikaina izango da Aimarentzat. Jokatu dituen txapelketak eta torneoak irabazi egin ditu, eta urtea amaitzeko marka galantak egin ditu.