GARA > Idatzia > Kultura

«Santo Tomaseko feriya da txorixua ta ogiya»

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Neguaren etorrera ospatzen dugun Santo Tomas egun honetan, tradizioak esaten duen legez, txistorrazko taloa esku batean, sagardoa bestean eta Zer Dama txerria aurrean, euskal antzerkiaz hausnarketa egin nahiko nuke, hozkada, trago eta lagun artean. Santo Tomas eguna delako eta baita ere, atzo eta gaur, euskaraz idatzitako lehenengo antzerki obra ikusteko aukera izan eta izango dugulako Donostiako Antzoki Zaharrean. Duela hiru mende Arrasateko eskribaua zen Pedro Ignazio Barrutiak idatzitako «Actto para noche buena» antzezlana.

Baina noan harira eta hausnar dezadan zer gertatzen den tradizioz betetako herri honetan euskarazko antzerkiarekin. Euskal Herriko antzerki taldeak eta ekoiztetxeak, eskulangileak izateaz gainera, saltzaileak ere badira. Antzezlan bat aukeratu eta prestatzeko garaian, kalitateari eta errentagarritasunari begiratu behar diote nahitaez. Produktua saldu egin behar baita. Antzerkia ekoizten duten talde edota ekoiztetxe gehienek, gaztelania izaten dute abiapuntu. Testua gaztelaniaz idazten da, probasaioak gaztelaniaz egiten dira, eta prozesu guztiaren amaieran, testua euskaratu eta hamabost bat egunetan taularatzen da. Ekoiztetxe edota talde gehienek, bi aukerak eskaintzen dituzte merkatuan. Euskaraz eta gaztelaniaz. Baina zer gertatzen da errealitatean?

Emanaldi gehienak gaztelaniaz egiten direla. Euskarazko emanaldiak Euskal Herriko hainbat herritan besterik ez direla egiten, eta gutxieneko publiko batentzat gainera. Euskarazko antzerkia, beraz, ez da errentagarria. Hori da egia biribila. Mingarria edo ez, hori da gure egungo errealitatea. Emanaldien %10 ere ez dela euskaraz egiten. Salbuespenak badira, jakina. «Ama begira ezazu», «Kutxidazu bidea Ixabel»... eta abar. Zer gertatzen da orduan? Zein bide jarraitu behar du euskarazko antzerkiak? Taldeek eta ekoiztetxeek euskarazko apustu handiagoak egin beharko lituzkete? Edota aretoetako arduradunek euskarazko lan gehiago ekarri beharko lituzkete publiko gutxiago izanda ere? Edota, merkatu eta bide berri bat zabaldu behar zaio euskarazko antzerkiari?

Eta tradizioarekin jarraituz, Kaietano Sanchez de Irure donostiarraren hitzekin agurtu nahi nuke zabalik geratu den hausnarketa tristea, Santo Tomas eguna baita, ospatzeko eguna, festa eguna: «Santo Tomaseko feriya da txorixua ta ogiya, ara gaur plazan sutan ta ketan zirt-zart, bada, zartagiya; o! oliyuak dirudiyela pintura gorri-gorriya, eta onela dezu neretzat saltzen dagon guztiya, abarka, xapi, eskalaproiak eta milla txutxeriya, mutill koskorrak jostatutzeko degu egun egokiya, biyotz tristiak alaitutzeko utzi beti Donostiya».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo