GARA > Idatzia > Editoriala

Egunero mamitu behar den elkartasun irudia

Aasaldura handia eragin du Euskal Herrian 18/98 makrosumarioari buruzko epaiak, eta asaldura horren eta gizarte ia osoak sentitzen duen haserrearen islatzat har daiteke atzo Bilbon, 18/98+ taldearen deialdiarekin bat eginik, eragile politiko eta sozialek egin zuten agerraldia. Prentsaurrekoan egungo euskal erakundeetan ordezkaturik dauden egitasmo politiko gehienek izan zuten tokia. Eta ordezkari politikoen alboan, euskal sindikalgintzaren ordezkaritza zabala ere azaldu zen. Bertan bildutakoek atzokoa justiziaren aurkako epaia dela salatu zuten, prozeduran izandako irregulartasunetatik epaiketaren izaera politikoraino.

Batasun irudi horrek izanen duen balore politikoa ukaezina da. Eta PPk zein PSEk gizartearen gehiengoak izaten duen pertzepzio objektiboari aurre egiteko asmoz emandako argudio kaskarrak elkartasun politiko eta sozial horren garrantzia nabarmentzen du. Bereziki penagarria da PSE alderdiari egokitu zaion papera. Prozesu politikoa indarrean zegoelarik, Patxi Lopezek, GARAk egin zion elkarrizketa batean, aitortu zuen sinetsita zegoela auzipetuak ez zirela ETAko kideak. Atzo, ordea, Jose Antonio Pastor PSEko Bizkaiko arduradunak bere alderdiak Auzitegi Nazional espainiarrak emandako epaia errespetatu, eta gainera, babestu ere egiten duela esan zuen. Nekez aurki liteke auziaren izaera politikoa hobeki azalduko lukeen argudiorik. Beraz, egoera politikoaren arabera errefusatu ala onartu behar al dira 47 euskal hiritarrentzat ondorio ezin latzagoak dituzten erabakiak?

Gero eta zantzu gehiago daude PSEk Estatuaren arrazoiaren aurrean amore eman duela pentsatzeko, eta hori benetan berri txarra da gatazkaren irterbideak politikoa behar duela izan sinesten duen gizarte batentzat.

Horiek horrela, atzoko argazkiak gogoeta egiteko lagungarri izan beharko luke. Lagungarri, falta direnentzat eta mahai atzean eserita zeudenentzat ere bai. Finean, eguneroko ekimenak izaten dira ideien aurkako jazarpenari muga jartzeko norberak duen konpromisoaren seinalerik sinesgarriena. Aurrera egiteko unea da, larrialdi egoera nazionalean gaude, eta elkartasun zabalaren irudia jarrera zintzo eta eraginkorrekin elikatu beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo