GARA > Idatzia > Bruesa

Leb-urrea | Urteko azken partida Laso-renentzat

La Palma esnatzea ekidin nahi du Gipuzkoa Basketek

Lou Roe eta Chuk Kornegay izar beteranoen taldeak hasieran uste baino maila okerragoa eman du

p049_f02_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Palma Aqua Magicaren kantxan gaur, arratsaldeko zortzietatik aurrera egingo den partidan agurtuko du Bruesa Gipuzkoa Basketek 2007. urtea. Dituen jokalarie begira, sailkapeneko lehenengo postuetan egon beharko lukeen taldea da eta ACBko izarrak izan diren Lou Roe -iaz Baskoniarekin jokatu zuen titulurako play offa- eta Chuk Kornegay fitxatuta, goren mailara igotzeko hautagai ziren Balear Uharteetakoak. Baina taldeak ez du jarraikortasunik jokoan, -hamalaugarren dira, lau garaipenen eta bederatzi porroten ostean- eta donostiarrek horixe eragotzi beharko dute, gorako bideari eutsi nahi badiote.

Pablo Lasok ondo daki Palma Aqua Magicak sailkapenak dioena baina askoz ere talde hobea duela eta horrexegatik bere jokalariei euren onena emateko eskatu die. «Puyada ondo jokatzen urte dezente daraman antolatzailea da. Kanpotik bi jaurtitzaile on ditu, Pacreu eta Anderson Schutte. Feliuk ondo ezagutzen du maila eta Jackson oso indartsua eta fisikoa da. LEBko barruko jokorik indartsuenetako bat dauka gainera, Lou Roe, Rejon eta Kornegayrekin. Oso talde indartsua dela uste dut eta, gauzak normal joanda, sailkapenan gora egin beharko lukeena», azaldu zuen.

Baina izen horien guztien artean, ezbairik gabe, Lou Roe pibot estatubatuarra da izar nagusia. Pablo Lasoren ustez, iaz Baskonian jokatu zuen jokalariarentzat, «aurtengoa oso denboraldi zaila ari da izaten. Lesio asko izan ditu eta ez dauka beste urteetako jarraikortasunik jokoan. Beti esan izan da beretzat baloi asko behar duen jokalaria dela eta taldeko jokoa bere baitan hartzen duena, baina nere ustez balio anitzeko jokalaria da eta taldearen mesedetan gauza asko ematen dituena. Hain zenbaki ikusgarriak egiten dituztenez, badirudi talde lanik egiten ez dutela, guri Pankorekin antzeko zerbait gertatzen zaigu, baina ez da horrela. Oso jokalari oldarkorra da eta defentsan eta erreboteetan lan handia egin dezake».

Irregulartasuna

Taldeko izarrari bezala, taldeari berari ere jarraikortasuna falta zaio. «Jarraikortasuna falta zaie, sarri ez dira partidan zehar erritmo jakin bati eusteko gai. Oso une onak dituzte, baina gero berehala desegiten dira», azaldu zuen entrenatzaile gasteiztarrak areriorai buruz.

Errebotean eta uztaipeko jokoan egongo da gaurko partidako giltzetako bat eta hortxe egiten du Bruesa Gipuzkoa Basketek zalantzarik handiena. Izan ere, Faverani brasildarrak zaintiratu bat izan zuen iragan ostiralean Incaren aurkako partidan eta astean zehar ezin izan da behar bezala entrenatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo