Top 14
Biarritzek burua altxatzen hasteko aukera paregabea izango du mailaz igo berria den Auchen zelaian
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Europako jardunaldiak alde batetara utzi, eta berriro ere Ligan jarri beharko du burua Biarritzek, han ere premia handiz baitabil talde lapurtarra.
Azkeneko partida etxean galduta, zuri-gorriei gaur kanpoan irabaztea besterik ez zaie falta. 19.00etatik aurrera Auchen zelaian jokatuko dute, eta mailaz igo berria den zelaian puntuak besapean hartuta etxeratzen ez baldin badira, dezente zailago izango dute aurrerantzean.
Liga hasiera ere nahiko txarra izan dute, baita Europako Kopa ere. Azkenaldiko bajek ere ez diote asko laguntzen, baina Biarritzek goi mailako jokalari asko ditu, eta horrek ez luke aitzakia izan behar. Gaurko, hamabi jokalari izango ditu faltan, eta horietako batzuk oso garrantzitsuak; baina munduko jokalaririk onenetakoak ditu taldean, eta aurrez aurre, berriz, maila eustea beste helbururik ez duen taldea.
Biarritzek entseguak egiteko arazo asko ditu azken boladan, eta atzean ere, azkeneko urteetan baino askoz erraztasun handiagoa ematen die aurkariei. Partidak irabazten baditu ere doi-doi izaten da.
Zaleak kezkatzen eta urduritzen hasiak dira. Entrenatzailea kolokan zela heldu ziren Baionara. Han irabazteak nolabaiteko lasaitasuna eman zien, baina ondoren jasotako bi porroten, eta joan den ostiralean Glasgowren aurka erakutsitako gabezien ondoriozko zaleen kritikak, entrenatzaileengana heldu dira berriro. Beraz, gaur irabaztea ezinbestekoa da, eta ahal dela, lau entsegu eginda, nahiz eta orain artekoa ikusita horrek ez dirudien lantegi erreza.
Zuri-gorriek hamabostekoa erabakita dute, eta honako hau izango da: Coetzee, August, Avril, Thion, Dellape, Vahafolau, Hall, Cronje, Cibray, Peyrelongue, Ngwanya, Traille, Faafaloau, Willemse eta Brusque. Noirot, Wesels, Betsen, Cebray, Thierry, Bidabe eta Bosch, aulkian geratuko dira. Norgehiagoka, Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko du.