GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Irakurketa bitxiak eta ikaragarriak

Testu juridikoek aspergarri izatearen ospea dute. Ospe merezia, egiari zor. Baina asko ikas daiteke haietatik. Haien aplikaziotik, alegia. Horregatik munduko miserableen kausak alde batera utzi eta banku jabeen, polizien, botere guneetan diren guztien alde egiteko aholkua eman beharrean nago egunkari honi. Urte bukaeran edo, zehatzago, Gabon giroan aproposa denez, hobe beharrez egiten baitugu.

Nik ez ditut epaiaren milatik gora folioak irakurri, baina irakurri ditudanetan, eta berdin hedabideetan agertutako argudioetan ere, ez dut auzipetuak zigortzeko froga bakar bat ere ikusi edo entzun. Segituko dut irakurtzen, ea azken lerroren batean, urte kopuru handiez gain, Pablo Gorostiaga, esate baterako, zergatik kartzelatu duten aurkitzen dudan. Areago, zer egin izana leporatzen dioten Jexus Mari Zalakaini, kasu baterako; zer ekintza armatutan parte hartu edo lagundu duen, zer estrategia armaturen egile den. Denak erakunde armatu baten helburuekin bat datozela diote, Batasuneko mahaikide kartzelatuak bezala, Euskal Herriaren independentzia nahi dutela, hain zuzen. Eta horretan ez dabiltza oker. Baina erakunde armatuekiko batasun organikoez gehiago dakite Espainiako Gobernuan den alderdiko zenbait kidek eta haien konstituzioaren defentsan bat egiten duten zenbaitek. Kazetari eta herritar (batez ere espainiar) askoren usteak entzun eta irakurri ditut, uste osoak, erdiak, ustelak. Bego. Baina epai batek frogatu egin behar ditu delituak, epaileen soldata justifikatzeko besterik ez bada ere.

Gorka Lupiañez durangar gaztearen tortura lazgarrien kontaketa irakurri ondoren galdera inozo bat, erantzuna jakina baita, etorri zait burura. Zergatik epaileek ez dute zigortzeko frogarik behar eta lagun torturatuak frogatu egin behar du torturatu dutela? Logika hori, baina, are lizunagoa da: tortura salaketa atxilotuaren erruduntasunaren froga izan liteke.

Bistan da: Estatu demokratikoak Zuzenbidearen araberako tresnak ditu disidenteak ere integratzeko. Maizegi infernu bidearen araberakoak ematen badute ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo