Iruñean Olentzeroren kalejirekin zer gertatuko den ez dakite Gabonen atarian
Iruñeko hainbat auzotako batzordeek oraindik ez dakite zein bide hartuko duen Olentzero kalejiren aferak. Udalarekin izandako bileretan ez da lortu bermea kentzea; gaurko Osoko Bilkuran zehaztea espero dute.
Jasone MITXELTORENA |
Atzo Iruñeko hainbat auzotako batzordeek jakinarazi zutenez, oraindik ez dakite zein bide hartuko duen Olentzero kalejiren aferak. Izan ere, Iruñeko hainbat auzotan kalejirak atera ahal izateko, bermea ordaintzea eskatu du Udalak. Gehiegizkoa iritzita, Donibane, Sanduzelai, Errotxapea, Txantrea, Arrosadia eta Etxabakoitzeko batzordeek uko egin diote ordaintzeari.
Udalarekin bilerak egin dituzte azken asteotan, baina atzo jakinarazi zutenez ez dute oraindik erantzunik jaso. UPNrekin hitz egin baitute ere, haiek ez dute onartu bermea kentzeko eskaera. Aitzitik, adierazi dute, «auzo batzuetan `onak' eta bertzeetan `gaiztoak'» daudela, hau da, «Olentzero politikoak» eta kalejira onargarriak bereizteko fidantza beharrezkoa dela. Batzordeek, kalejirak egoki ospatzeaz beraiek arduratuko zirela ziurtatu zieten, baina, hala ere, ez zuten eskaria kontuan hartu.
PSN taldeak, hasieran, aferaren inguruan ezer ez zekiela adierazi zuen. Behin arazoa azalduta, bermea Olentzeroei bakarrik eskatzea «UPNren motibazio politikoari» egotzi zioten, eta alderdi horren aurrean beharrezko gestioak egiteko konpromisoa hartu zuten. NaBai-rekin bildu zirenean, aurretik izandako harremanak zirela-eta, bazekiten beren babesa izanen zutela. Horregatik, eta udaltzainekin izan litezkeen arazoen aurrean, alderdi horri kalejiretan parte har dezala eskatu zioten. NaBai-k, ordea, uko egin zion eskaerari. Batzordekideek ulergaitza iritzi zioten jarrera horri; auzoetan Olentzero antolatzen dabiltzanen artean NaBai-ko kideak ere baitaude; horregatik, ulertezin iritzi zioten alderdiak bizkarra emateari. Ezker Batuak eta EAE-ANVk baiezkoa eman zioten batzordearen eskariari, eta beraz, Olentzero kalejiretan parte hartzeko prest agertu dira.
Osoko Bilkuran mozioa
Udalaren aldetik «ateak itxita» dituztela-eta, batzordeek Olentzero kalejiren ardura uztea erabaki zuten; hala, iaz bezala, auzo bakoitzeko bizilagunek beren kontu ospa dezaten festa. Hala ere, Udaleko hainbat taldek gaurko Osoko Bilkuran bermeak kentzea eskatzen duen mozioa aurkeztea proposatu zieten. Atzo, artean, batzordeek ez zuten proposamen horren gainerako erabakirik hartu nahi izan; beraiek azaldu zutenez, mozio hori aurrera aterako den ziurtasunik gabe, ez dute aurkeztu ere eginen. Atzo arratsaldean Udaleko taldeekin biltzekoak ziren, balizko mozio horrek zenbaterainoko babesa izanen lukeen jakiteko asmoz. Handik ateratako ondorioen arabera erabakiko dute gaurko Osoko Bilkuran mozioa eskatu ala ez.
Batzordeetako kideek gogor gaitzetsi zuten auzoetan kultura sortzeaz arduratzen direnak halako tramiteetan ibili behar izatea. Herritarrak adoregabetzeko asmoa ikusi dute honen atzean. Ildo beretik, Udaltzainek jarrera jazarlea errepikatu ez dezatela eskatu zuten. Olentzerok jasotako babesa nabarmenduz, auzoak «kalejirak festa giroan ospatzera» animatu zituzten.