GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Urteen joan-etorria, gakoa

Gaur 2007 atzean geratuko da. Herri bezala, zapore txarrarekin amaituko da injustiziek eta gehiegikeriek geure onetik ateratzen gaituztenontzat, behintzat. Aurrera begira badakigu: elkartasuna, herri mugimendua eta sareak ehuntzen jarraitu.

Arlo pertsonalean, bakoitzak jakingo du 2007ak zer eman eta zer kendu dion, edota norberak zer jarri dion edo zer ez dion jarri. Balantzeak. Kontua da urteak badoazela, baita etorri ere. Bihar 2008, hain zuzen. Zenbakiak denborari mugak jartzeko era besterik ez dira, noiz jaio eta noiz hil, baina bitartean, zer? `Zer' horrek du benetako garrantzia, direla urteak, direla pertsonak, direla bizitzak.

2007ak bizi berri bat ekarri du gurera, Lur ilobarena. Olentzerok bere lehenengo kamiseta erreibindikatiboa oparitu zion, txiki-txikia, gorri-gorria: «Nirekin euskaraz». Gaur, bere lehenengo Urtezahar gaua igaroko du, nahiz eta oroiruko ez duen. Umetxo honi begiratzean, besoetan bere beroa sentitzean, egunen batean gizona izango dela pentsatzen dut. 2008, 2019, 2030... Hitza eta iritzia edukiko dituela, sentimenduak, lagunak, maitasunak, nahigabeak...

Mutil txiki honi begiratzen diodanean, oroimena daukanean eta ingurukoaz kontziente denean, zer nolako jendartetan biziko den irudikatzen hasten naiz. Neure buruari galdetzen diot noizbait sentituko duen «zortea» izan zuela mutil jaiotzeagatik, bere neska lagunak baino erraztasun edo pribilegio gehiago dituela pentsatuko duen. Kezkatuko ote den bere lagunen batek sufritzen duen tratu txarragatik, beste gizonen batek alboan duen emakumea menderatzeko aukera duela ikusteagatik. Edo, aldiz, gizonezko jaio izanak ez dion eskubideei begira inolako ezberdintasunik suposatuko, berdintasuna hain erreala eta egunerokoa izanik, ez zaion bururatu ere egingo emakumeok emakume jaiotze hutsagatik eraman beharreko borrokaren beharra.

Egunen batean Lur Euskal Herri aske eta parekide batean bizi dadin, 2008. urtea ez da mirakuluaren urtea izango. Errealitate hori gauzatzeko aldatu beharreko guztiak ez baitira hamabi hilabetetan aldatuko; legeak, arauak, politikak, botereak, harremanak eta, batik bat, kontzientziak.

Umetxo hau eta bere belaunaldi osoa hazterako, ordea, Urtezahar asko atzean geratuko dira. Urteberri asko etorriko dira. Bitartean, egiten dena, egiten duguna izango da, ez mirakulua -horrek ez baitu ez lanik ez borrokarik ez konpromisorik suposatzen, eta ez gara hain inuzenteak-, baina bai gakoa, bai bide bakarra kontzientziak aldatzeko, orain jaioberriak edo umetxoak direnek arnastuko eta barneratuko duten munduaren isla lantzeko eta sendotzeko.

Azkenik, betebehar hori guztiona dela azpimarratuta, umetxo hauen gurasoek aurten eta etorriko diren urteetan horretan duten ezinbesteko eginkizuna nabarmendu nahi nuke. Hori dela-eta, Lur mutil edo neska izena izanik, Lur guztien gurasoei eskaini nahi diet gaurko Urte berri on hau, baina utziko didazue, bereziki eta maitasun osoz, hari eta haren gurasoei eskaintzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo