GARA > Idatzia > Gaurkoa

Edorta Agirre Idazlea

Negar egingo luke horren amak, baleki

Euskal Herriko egoeraren isla. Edorta Agirre idazleak gogora ekarri du proportzioz, hemen adina preso politiko ez dela beste inon. Herri honen pentsaera, ohiturak, elkarlanean sortu dituen egitura eta elkarteak nabarmentzen ditu, errepresioaren benetako jo puntu omen direnak; hala ere, errealitate ilun hori ezkutatu gabe, esperantza hitzak igortzen dizkie zigorra modurik gogorrenean jasaten dutenei

Hemen bezainbeste preso politiko ez da Europa osoan. Ezta, proportzioz, mundu zabalean ere. Jantzi ezazue datu hau nahi duzuen mozorroarekin, iraindu gogor, ibili gezurretan... Zikinkeriaren txapeldunak zaretenez, marka hori zuzenbide estatuen jaialdian aurkeztu ahal izango duzue, baja ematera zoaztela.

Egia esateko... gu ez gara beren aita santuari trikornioa otzan-otzan ematen dioten apezpiku hispano-euskotar horien modukoak, ez gara Espainia ala enpresa aukera bakarra ikusten duten politikarien ilajekoak. Oso bestelakoak gara, bistan da.

Dena nahi dugu guk: euskal selekzioa, euskal ikastola eta euskal unibertsitatean ikasi, euskal produktuak ekoitzi, kontsumitu eta gure modura transformatu, euskaraz normal aritu, euskal tren eroso eta azkarra eduki, euskal kostalde ez nuklearraz gozatu, Euskal Herri osorako arrantza plana lortu, euskal industriak zerua ez kutsatzea, euskal industriariak langilea ez esplotatzea, euskal hedabide zintzoak ordaindu eta gozatu... gainerako mundutarrak bezala bizitzea, alegia. Baina etxean. Geure etxean.

Horregatik sortu ditugu Ikastola, Kanta Berri, Udako Euskal Unibertsitatea, «Egin», «Berria», AEK, Donostiako Orfeoia (aurki, «Erregearen mariatxi segovianoa», deskuidatuz gero, Sarkozyk ideia hogeita hamaika eskutik hartzen ez badie), bertsolaritza, Amnistiaren aldeko Batzordeak, ESAIT, intsumisioa, Euskal Sukaldaritza Berria, kooperatibak, euskal rock radikala, sindikatu abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, desobedientzia zibilean aritzeko mekanismoak eta beste hamaika talde-mugimendu, besteek ez bezala. Sortu ez ezik, martxan eutsi ere bai (batzuetan, gure atzetik aprobetxategia etorri eta, gure ideia eta dirubidez, bere proiektutxoa gorpuztu du: oso urrutira joan behar izan gabe...). Ikusten duzuenez, jainko-izenik ez. Auzolanean ari gara, biharko Herriaren alde. Hemen jainko bakarreko erlijio kanpotar interesatuek ez dute arrakasta handirik. Baina hori ere ez duzue ulertzen. Deskuidatuak zaudete, non zareten asmatu ezinik.

Bizileku honetan etxekoak geu gara: hirurehun mende gutxienez egin ditugu hemen. Zuek inbaditzera etorri zarete. Baina, noski, kanpotarrak zaretenez, kanpoko legeak aplikatu nahi dizkiguzue, zeuen borroka armatu eta guzti (miñoiak, flikak, zipaio izeneko polizia autonomikoak, foralak, guardia zibilak, grisak -Burgosko prozesua egin zenean grisak baziren, 18/98 honetan ez da funtsezko deus aldatu-, armadak, sekretak, narrasti lerdetsu eta mukizuentzako fondo erreserbatuak, AAA, Batallon Vasco Español, kazetarientzako eskupekoak, GAL...) armen monopolioa daukazuelakoan. Bestea etorri arte. Orduan umil-umil apaltzen duzue burua, hirutan apaldu ere, haren helikoptero azpian. «Matoi barriobajeroak» zaretela esan zuen PPko hark. Ez dakit, bada, nik...

Kanpoko biolentzia estrukturalaz baliatzen zarete; eta biolentzia subertsiboaz erantzuten zaizuenean -askotan, erantzunaren zain egon gabe, ekimena hartzen duzue, berariazko programa politikorik ez duzuen arren, hauteskundeak irabazte horretan diru asko baizik ez duzuelako ikusten-, biolentzia errepresiboa aplikatzen diguzue denoi: saihetsak jipoitu, tabernak itxi, lapurreta egin (nola fidatu, etxean aurpegia estalirik goizaldeko ordu txikietan sartu, eta handik poltsa mordo bat ateratzen duen jendetza horrekin?), egundo inori ezarri gabeko fidantza eta isunak ipini, presoak ez ezik senitarteko eta adiskideak ere asasinatzen dituen dispertsio demokratikoa areagotu, gure kontrakoei (Manos blancas, Fundación Fracisco Franco, Falange Española, Justicia y Paz, Foro de Ermua...) diru laguntzak entregatu, etab., den-dena gure patrikatik. Lapurrak ez zaretela diozue, ezta?

Eta epaitu egiten gaituzue, Jainkoak bezala epaitu: di-da!: frogak galdu, izenak nahasi, esandakoaz ahaztu, jendea inongo premiarik izan gabe bertara joanarazi, zeuen fiskalek interpretaturiko justizia horrek eskatutakoa baino epai gaiztoagoak ezarri. Koktel mortala zuena, harrokeriak, botereak eta inpunitateak osatzen dutena, telebistan zuen aldekoek eta guk ikusi eta egiaztatu ahal izan dugun bezala. Zuek bai justuak, iberiar koroaren prestigioa hondaturik, euskal abertzaletasunaren aurkako borroka ondare supraestruktural bihurtu nahian, jaimitada tragiko horiek gorpuzten dituzuenok. Eskerrak zuen zerbitzutara dituzuela planeta osoko kazetaririk koldarrenak (Espainiako Auzitegi Nazional ilunean hamala bat bizi dira gau eta egun), diruaren ipurdia milikatuz aspertzen ez direnak! Bestela... Nork sinetsiko luke zuen gezur-arrosario amaigabe hori? Nola biziko zintezkete bestela, gezurretan lohiturik, mozkorturik, itsuturik? Kontutxo bat, bukatzeko: zenbatean (dirutan, jakina) atera zaizue gurea, oraingoz?

Garaipen garestiegia, inondik inora, garaitu ez duzuelako egin. Irabazten ari zarete, ezin ukatu, baina Historia ez da amaitu. Zehatzago esateko, gure Historia ez da amaitu. Zuenaren pusketak han atzean doaz, urrunduz: obrero, sozialista... Beraz, sekulako prezioa ordaindu eta ezer irabazi gabe, inpotente (bistan da!) eta haserre zaudete, jakina. Kontua da, beti bezala, gehien balio duen jendea jipoitu behar duzuela orain, ez jokatzen, ez irabazten eta ez galtzen ez dakizuelako.

Horrela, armarik gabeko biolentzia armatuan (psikiatrikora eramango naute halako asko adieraziz gero) dabiltzanak edo, Espainiatik kanpoko hiztegia baliatuz, Estatuari aurre egiten diotenak harrapatu dituzue. Zergatik? Ikastola, Kanta Berri, Udako Euskal Unibertsitatea, Egin, Berria, AEK, Donostiako Orfeoia, bertsolaritza, Amnistiaren aldeko Batzordeak, ESAIT, intsumisioa, Euskal Sukaldaritza Berria, kooperatibak, euskal rock radikala, sindikatu abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, desobedientzia zibilean aritzeko mekanismoak eta beste hamaikamugimendu sortu, eta martxan eutsi dietelako. Besterik ez, gezurra badirudi ere. Nork esan du juezek gezurrik esaten ez dutela?

Agian, zeuen inpotentzia horretan, ez zenuten ikusiko kalean beste berrehun mila preso potentzial dituzuela, noiz harrapatuko dituzten zain. Hori, hori bai marka demokratiko ederra, zuzenbidezko estatuen jaialdian aurkezteko, e?

Ez, ez diegu geure negar-malkoen lepotik pozteko motiborik emango horiei. Hastear dugun urte hau berria, bestelakoa, izango ahal da denontzat! Animo, aberkideok! Zaitezte seguru: aurki, hor edo hemen, denok elkarrekin izan gaitezen ahaleginak egingo ditugu egunero. Besarkada bero-beroa eta musuak denoi, bihotz-bihotzez. Laster arte!

(Ez kezkatu niregatik, ez baitidate berriro lapurreta handirik egingo, deus ez daukat eta; Donostiako CAT-eko itzultzaile izan nintzen 20 urtez eta bertatik aspaldi bota ninduten merkatu beltzari zegokion negozio ilun bat ez onartzearren. Horrelako balentriak behin bakarrik suertatzen omen dira).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo