Mikel Aramendi Kazetaria
Gaurko aliatuak, biharko etsaiak
Hurrengo mugimendua, bakarra, besterik aurreikusteko gai ez diren estratega adigogorrak nonahi erortzen dira lazoan. Baina xakea asmatu zuen herrialdean, India alde hartan, posiblea ez ezik ziurra ere izaten da halakoen zoritxarra. Ezkutuko loturaren bat egon daiteke bi egitateen artean. Gogoan izaten badugu, bestalde, han eskua sartzen dutenetako batzuk hurrengo mugimendua edota ondoriorik berehalakoena ere aurreikusteko zailtasun handiak izaten dituztela...
Hauteskundeen atarian, aise aurreikus zitekeen eran, hil egin dute Benazir Bhutto. Esperagarria zena zergatik gertatu den horren puntualki galdetu beharko genuke, baldin eta egiatzat hartuko bagenu ozenki ia denek diotena, hau da, egundoko galera eta arrisku izugarrien sorburua dela magnizidioa. Esanetik izanera alde handi samarra egon daiteke, ordea. Orain lausenguz agurtzen dutenetako gehienek oraintsu arte zer esaten zuten Benazirri buruz gogoratu besterik ez dago.
Argi dago, haatik, boterea Musharraf eta Bhuttoren artean banatuz Pakistanen etorkizuna bidera zitekeela deliberatu zutenen estrategia pikutara joan dela. Orain, Pakistanen arma nuklearrak «adiskide» baten eskuetan gera daitezen ziurtatzea da Mendebaldeko estratega ahaltsu bezain kaikuen berehalako kezka, bakarra. Eta amets horrek, itxuraz, Musharrafen aurpegia du. Mendebaldearen aurrean, Ataturk bailitzan aurkezten den tipo bat; gehienera, Mubarak edo Suhartoren kalkoa izango litzatekeena, ordea.
Etorkizunik esperagarriena ere aurreikusteko gauza ez izatea xakelarientzat bezain txarra da estratega politikoentzat; iragana gogoan ez izatea, haatik, barkaezina da. Eta 1993tik 1996ra Afganistango talibanen ugazama politiko eta militarra izan zenaren akabera gaiztoak hausnarketarako aukera ematen die. Edota, urrutixeago joanda, gogoratu behar lukete duela 30 urte bazela Pakistanen agintari zibil bat, Estatu Batuek bultzaturiko estatu kolpeaz boteretik kendu ez ezik urkatu egin zutena; Ali Bhutto zuen izena. Zia ul Haq izeneko diktadoreak egin zuen txarkeria hura... eta, orain aitortzen denez, Pakistango jihadismoaren hazia ere berak erein zuen. Baina, orduan, CIAk Afganistango kontuetan adiskide preziatua zuen Zia.
Gaur aliatu dituztenak bihar bertan etsai bihurtuko zaizkieneko joko baten leporaino sartuta daudela konturatzeko gauza izan behar lukete, gutxienez.