Ixabel Etxeberria Irakaslea
EAJ UMPrekin martxoan?
Udalbiltza, elkartzen gaituen instituzio bakarra, hautetsi berrien esku geldituko da. Dudak, zalantzak eta bereziki oztopoak begiratuz, proiektu nazional batetik hain urrun al gaude bertan parte hartzea hain zaila izateko?
Etorkinen kanporatze kopuruak 25.000koa izan behar zuen 2007rako. Egun hauetan, zenbakietan sartzeko kanporatzeak emendatu dira. Biktima nagusiak errumaniarrak, gehienetan baldintza oso txarretan bizi baitira, diru baten truke igortzen dituzte, autobusez Errumaniara. Ez dira bakarrak, etorkinen preso atxikitzeko zentroak lepo dira, haurrak ere atxikitzen dituzte zentro horietan. Hortefeux ministroaz ez da asko idazten edo hitz egiten, alta, lan eta lan ari da immigrazioa neurtzen eta legea zorrozten. Azken egun hauetan zer nolako etorkin onartuko diren hautatzen ari dira. Gaineratekoak gero eta fiteago botako dituzte, legea eskuetan dutela.
Gizarte Segurantza dirua galtzen ari dela, bakoitzak parte hartu beharko du, botika bakoitzarentzat, ebakuntza bakoitzarentzat, bere dirutik gastuaren zati bat ordainduz. Lan orduen kopurua berrikusten ari dira, hogeita hamabost ordu ziren, emendatuko dituztela garbi dago, Gobernuko nagusiak erran baitzuen diru gehiago irabazteko lan gehiago egin beharko zela. Lanaren legedia nola aldatu behar duten ari dira gogoetatzen, erreakzio bortitzak saihesteko helburuarekin. Erretreta hartzeko adina ere berrikusten ari dira, negoziazioen bitartez ez bada, dekretu bidez hartuko dute erabakia. Hau da Estatu frantsesean gertatzen ari dena. Bide klasikoa hartu dute hori gordetzeko. Felipek bezala Laetitia, irudia lanbidetzat duen anderea hautatu diote Sarkozyri. Bikain atera zaio. Media nagusiei gelditzen zitzaien sinesgarritasun apurra merke saltzen ari dira. Hau da aurtengo urteak eskaini digun espektakulua. Ondokoak erakutsiko digu giro motel horretatik sindikatuak eta herritarrak ateratzeko gai izanen diren.
Ez da asko komentatu MAM eta Espainiako barne ministroen arteko bileretan erabaki izan dena. Izan ere, bi ministro horiek, euskaldunak kontrolpean atxikitzeko nahikeria erakusten dutenak, erabaki ditzakete neurri berriak, irudimen oso azkarra izaten baitute kasu horietan. Ez daitezke neurri baikorrak guretzat, goaitatu behar ditugu atxiloketa franko martxoko hauteskundeak baino lehen, abertzaleen emaitzak maila batean uzteko asmoz, beste etxe eta elkarte miaketak egon daitezke eta prentsan artikulu gezurteroak ere. Inauterietarako nahiko gai izanen dugu.
Udalbiltzaren auziarekin hasiko zaigu urtea, hasi baino lehen erabakiak diren zigorrekin. Abertzaleak gara gaitz guzien arduradunak, erridikulua gertatzen da urrundik begiratuta, beldurgarria hurbildik familietan jasaten dena ikusi eta. Udalbiltza, elkartzen gaituen instituzio bakarra, hautetsi berrien esku geldituko da. Dudak, zalantzak eta bereziki oztopoak begiratuz, proiektu nazional batetik hain urrun al gaude bertan parte hartzea hain zaila izateko? Oso naturala sentitu zen sortu zelarik, politikaren gora-beherei leku handiagoa utzi zitzaien eta Udalbiltzaren kriminalizazioa heldu zen. Ez al da hain argi nahiz eta desberdinak izan, elkar ezagutzeko, zazpi herrialdeetakoak, politika egiteko dagoen egitura bakarra dela, babestea gure esku dela? Parisen eta Madrilekiko ditugun loturak noiz arte izanen dira garrantzitsuagoak? EAJ UMPrekin joateko prest datorren martxoan?