GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Info 7 irratiko albistegiak berrikuntzaz gainezka

Urtarrilaren 7tik aurrera, Info 7 irratiko emanaldiek berrikuntza ugari izango dituzte. Horien artean nagusia arratsaldeko zortzietan Eider Elduaienek aurkeztuko duen albistegia izango da. Bertan, eguneko gertaerei atxikitako elkarrizketa eta analisiak nagusituko dira.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Urte berriarekin batera, Urruñan kokatuta dagoen irratiko albistegiek aldaketak eta berrikuntzak barneratuko dituzte. Hori dela-eta, datorren astelehenetik aurrera, 20.00etan ordu erdiko iraupena izango duen albistegi berria entzuteko aukera egongo da. Saio honen aurkezlea Eider Elduaien kazetaria izango da eta bertan azken orduko gertaerak bilduko dituzte.

Honez gainera, saio honetan eguneko albisteen gaineko analisi sakona egingo dute. Askotan politikaren inguruko gaiak nagusituko badira ere, lan istripuak edota bestelako gaiak ere jorratuko dituzte. Horretarako, Arritxu Santamaria, Mikel Soto, Miren Artetxe, Aizpea Abrisketa eta Gari Berasaluze arituko dira kolaboratzaile moduan.

Astegun bakoitzean aipatutako kolaboratzaileetako bat ariko da eguneko gaiaz hitz egiten. Tarte honek 10-15 minutuko iraupena izango du. Albistegi honek edukiko duen beste atalean, eguneko gai nagusiarekin zerikusia duen elkarrizketa eskainiko dute.

Aipatutako berrikuntzez aparte, Info 7 irratiko ohiko albistegiek berdin jarraituko dute: hau da, goizean orduro albistegiak izango dira entzungai, 13.00etan goizeko albistegi nagusia eta, azkenik, arratsaldean 20.00etako albistegia eskainiko dute.

Eider Elduaienek azaldu duenaren arabera, «Info 7 irratiko proiektuan urrats garrantzitsua da. Proiektu kualitatibo bat izanda, aldaketak astiro barneratuz goaz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo