KRONIKA Espetxeetara martxa
Irrintzi eta maitasun oihuek aise zeharkatu zituzten kartzeletako burdin barrak
Ziegako burdin barretatik ihesi, ikurrin eta hainbat beso goratuta ikus zitezkeen atzo Martuteneko espetxean. Parean, ehunka herritar, irrintzi bertso eta garrasien bidez beren maitasuna aditzera emanez. Gabonak egun zoriontsuak direla diote garai honetako filmek, baina Euskal Herriak ia ikatza baino jasotzen ez duenean...
Gabonetako egun hauek, askorentzat, urte osoan ikusten ez diren senide eta lagunekin etxeko berotasunean igarotzeko aproposak dira. Euskal Herrian, ordea, asko dira senide edota lagunen falta dutenak, errepresioaren atzaparretatik ihesi edota espetxean bahiturik direlako.
Gabonak iristearekin batera maite diren horien hutsunea biderkatu egin ohi da. Alta, maitasun horrek gidaturik asko dira etxeko pareta tristeak atzean utzi eta kalera ateratzen direnak, gabonak herri honen elkartasun garrasiaren gordeleku bilakatuz.
Larunbatean Araban egin bezala, atzo Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoaren txanda iritsi zen, ehunka pertsonarentzat bertako espetxeetara hurbiltzeko eguna.
Martuteneko martxari dagokionez, ehunka izan ziren hitzordura kale egin ez zuten herritarrak. Euriari aurre egiteko aterkia eta zira soinean hartu, eta adin guztietako pertsonak bat egin zuten bertan, motxilan eroso zihoazen umetxoetatik hasi, eta makilaz lagundurik hurbildu ziren nagusiak barne. Batzuk oinez egin zuten martxa, Donostiako Egia auzotik tipa-tapa, beste batzuk ordea, alferturik-edo, Loiolan bertan itxaron zioten, luze-luze eta oihuka zetorren martxari.
Euritatik ihesi, bat-bateko agertokia atondu, eta Artzain Onean itxialdian diren euskal preso eta iheslari politikoen senideen izenean Polentzi Goikoetxeak hartu zuen hitza. Aurretik, ordea, Marisol Iparragirre- ren aita Xantik bertso hunkigarri batzuk bota zituen entzuleen gozamenerako. 2007. urtea amaitzear den honetan 700 preso politiko baino gehiago daudela ekarri zuen gogora Goikoetxeak, «salbuespen neurriak jasanez, bakartasuna pairatuz eta bizi baldintza gogorrenetan», nabarmendu zuen.
Haren irudiko «ezinezkoa» da presoenganako maitasuna gaindituko duen kartzelarik eraikitzea. Alta, «saiatu, guztiarekin saiatzen dira», ohartarazi zuen. Gogor kolpatu arren, senide eta lagunek aurrera jarraituko dutela berretsi zuen; «zuen tinkotasuna eredu eta zuekiko maitasunak gidaturik».
Konpromiso hori harturik dutela baieztatu, eta presoak bizirik eta betiko etxeratu arte lanean jarraituko dutela adierazi zuen Goikoetxeak. Gainera, lan horretan, «herri oso bat atzean» dutela sinisturik daude.
Gaixotasun larriak eta espetxe zigorrak beterik dituztenetatik abiatu eta gainontzeko guztiak etxeratu arte lanean arituko direla nabarmendu zuen. «Preso eta iheslari politikorik gabeko Euska Herria eraiki arte», gaineratu zuen.
Irrintzi eta txalo zaparradarekin amaitu zuten ekitalditxoa. Baina hesiaren beste aldean ere baziren entzuleak, Martutenen bahiturik dituzten euskal preso politikoak, alegia. Haiek ere protagonista bilakatu ziren. Ikurrina burdin barren artetik aireratuz edota ezker eskua goratuta, eskerrak eman zizkieten, eguraldia etsai izanda ere, bertaraino hurbildu ziren elkartasun postari haiei.
Martuteneko martxan, ordea, ez genuen zaldibiarrik ikusi, larunbatean bertan Segoviarako bidea hartu baitzuten herrikide duten Juan Mari Olano preso politikoari elkartasuna helarazteko. Txalaparta, adarra eta trikiti doinuen bidez «bakartze gogorrenean» dagoen euskal preso politiko honi urte berria zoriondu zioten.
Donostiako Altza auzoko hainbat bizilagunek ere ekimen berezia gauzatu dute egun hauetan, abenduaren 26tik atzo bitarte gose greba egin baitutedispertsio politika «hiltzailea» salatzeko asmoz.
Oihana LLORENTE