GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Final-laurdenetan sartu dira Otaño eta Lasa

J.L. | IBARRA

Eguraldi txarra egin arren, jendetza handia batu zen atzo Ibarran Urrezko Aizkorako neurketa zuzenean ikusteko. Garrantzi handiko lehia zen, irabazten zuenak final-laurdenetan izateko txartela eskuratuko baitzuen. Unai Otañok eta Jexuxmari Lasak, ordea, lan bikaina egin zuten, eta merezimendu osoz lortu zuten aurrerako bidea. Multzo honetako beste bikotea, Azurmendi eta Ugarteburu dira, baina haiek bi ekinaldiak irabazita zeuden, eta multzoko lehen postua segurtatuta ere bai; horrekin batera, baita final-laurdenak jokatzeko txartela ere.

Ibarrakoa eta Legorretakoa saio osoan nagusi izan ziren. Olasagastik eta Mujikak seitik proba bakarra irabazi zuten, abiadurakoa. Bertan bi 45 ontzako erdibitu behar zituzuten, bakoitzak bana, baina hor ez zuten alde handiri atera. Gainerakoak Otaño eta Lasarentzat izan ziren.

Neurketak emozio gutxi izan zuen, eta txanda libreko azkeneko probara ere tarte handiarekin heldu ziren irabazleak, eta hor ere nagusi izan ziren. Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko, 20 minutu eta segundo bat behar izan zuten Otañok eta Lasak. Mujikak eta Olasagastik, aldiz, 22 minutu eta 5 segundo. Multzo honetatik, Ugarteburu-.Azurmendik, eta Otaño-Lasak egin dute aurrera, eta bi horiek izango dira final-laurdenetan. Aurkarien izenak oraindik ezagutzeko daude, beste multzoak ez baitira amaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo