GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Supreprestigioa

Ozafrainek txapelak janzten ere badakiela erakutsi du

Partidaren hasieran oreka izan baldin bazen ere, gero Bankako atzelariak oso erraz eraman zuen partida, Paxkal Ezkurrari inongo aukerarik eman gabe

EZKURRA II 21

OZAFRAIN 40

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Patrick Ozafrainek ezustea eman zuen, eta berak jantzi zuen atzo Supreprestigioko txapela. Banakako atzelariak azkeneko urte hauetan finalik gehienak jokatu ditu, baina irabazi ezinik ibili da, eta atzo ongi meerezita lortu zuen garaipena Nafarroa Behereko hiriburuan.

Paxkal Ezkurra zen egungo txapelduna, eta atzokoa irabazteko ere bera atera zen faborito. Hasi aitzinetik, dirua nabarmen zegoen bere alde, baina horrek ez ditu partidak irabazten, eta horrelaxe gertatu zen.

Lehen kintzeetan oreka izan zen nagusi. Estreinako bi tantotan adostuta egon ziren, baina hortik aurrera Patrick aurrea hartzen hasi zen, baina Paxkalek ongi eutsi zion partidaren erdira bitarte. Hortik aurrera, ordea, Bankakoa jaun eta jabe izan zen.

Pilota fite ibiltzen hasi zen Ozafrain. Botearekin ere asmatu egiten zuen, eta baita sarearekin ere. Min handia egiten hasi zen, eta baita markagailuan zuloa egin zuen, hala, garaipenerako bidea egiteari ekin zion.

Bere burua seguru eta ongi ikusten zuen gero txapela jantzi zuen pilotariak, eta 13-4ko partziala lortu zuen, eta 32-20koa jarri zuen markagailuan. Oraindik tartea bazegoen, baina txapelak Nafarroa beherean geratuko zen itxura guztia zeukan, nahiz eta Paxkal azkeneko unera bitarte etsitzen ez duen horietakoa izan.

Aldaketarik ez

Partidako azkeneko kintzetan ere ez zen aldaketarik izan. Ozafrainek erraz jokatu zuen, eta berrogeigarren kintzerako bidea erraz egin zuen, falta zitzaizkion tantoak aise egin baitzituen. Gainera, Urruñakoak ez zion eragozpen handiegirik jarri, beste tanto bakarra egin baitzion.

Azekenerako Ozafraiek uste zuen baino garaipen errazagoa lortu zuen, baina ongi merezitakoa, pilotan oso ongi aritu baitzen. Botea ongi sakatu zuen, izkimotza ere erraz topatu zuen, eta baita sarea ere.

Paxkal Ezkurra, aldiz, pilota atzean jartzen saiatu zen, baina errematatzeko aukera izan zuenean, ez zuen asmatu, eta hori Ozafrainek ez zion barkatu, tantoa amaitu egiten baitzuen

Superprestigioa amaituta, heemendik bi astera abiatuko da Bakarkako Txapelketa, eta han ere atzoko bi finalistak izango dira txapela janzteko faborito nagusiak.

EZKURRA II

21

OZAFRAIN

40

Botea

Bakarkakoan boteak eragin handia izaten du, eta atzo ere halaxe izan zen; Bankako atzelariak bederatzi tanto egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta hiru besterik ez zituen lortu Ezkurrak

sarea

Trinketean jokatzean, pilota sarean sartzen asmatzeak tanto asko ematen ditu, eta hor ere Ozafrain askoz hobeto aritu zen, horri esker hamabi kintze egin baitzituen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo