GARA > Idatzia > Pilota

PALA Buruz Buruko Txapelketa

Imanol eta Lujan nor baino nor gehiago egungo atzelari indartsuenen arteko lehian

Hirugarren partidan Juan Rekaldek agur esango dio pala profesionalari

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Gaur arratsaldean jokatuko dute Imanolek eta Lujanek Buruz Buruko Txapelketaren final nagusia Bilboko Deportivo pilotaleku zaharrean (18.00, ETB-1). Urteko azken egunean ohikoa izaten den jaialdia, eta denboraldiko jendetsuenetakoa; 17.00etan hasiko da, eta hiru partida bilduko ditu. Bereziki aipagarria hirugarren neurketa, Juan Rekalderen agurreko partida izango baita.

Ezustekorik ez, azkenean. Finalera Imanol Ibañez eta Wladimir Lujan iritsi dira, lehiaketari multzo-buru moduan ekin zioten bi palistak. Azken hilabeteetan Imanol gaztea da sasoi betean dabilena -orain gutxi Binakako Txapelketa ere irabazi zuen- eta bera izango da agian faborito nagusia. Lujan kubatarrak ere, ordea, esperientzia ikaragarria du buruz-buruko neurketetan eta ez da aurkari erraza izango bilbotarrarentzat.

Larunbatean jokatutako finalerdietatik ere ezin da ondorio argirik atera. Biek ala biek 35-33ko emaitza estuarekin lortu zuten garaipena, sakearekin 8na tanto egin zituzten eta gorabehera handi samarrak izan zituzten joko-mailari dagokionez: tarteka itxura ederra eman zuten, baina tarteka sufritzea ere tokatu zitzaien.

Hirugarren neurketan Juan Rekaldek agur esango dio pala profesionalari hamaika urtez gorengo mailan ibili eta gero. Partida zein izango den ez dute zehaztu oraindik min hartuta dauden pilotariak direla-eta, baina neurketa polita prestatuko diote. Juan Rekaldek Fustorekin jokatuko du bikote edo hirukote baten aurka.

koadroa

Asfedebi Pilota elkarteak pala profesionaleko koadroa ia osorik lotuta du hurrengo urterako: Rekalde erretiratu egingo da, Aierberekin akordioa ez da oraindik itxi eta Erlantz Zulaikak aurki debutatzea espero du. Beste guztiek aurrera jarraitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo