Nabar hartza, glokalizazioaren zantzua haurren jolasekin uztartzeko modua
Lehen batean, Nabar ipuinak kontatzen dituen hartza besterik ez da. Baina haratago begiratu beharra dago sortzaileek jarraituriko filosofia ulertzeko. Nabarren oinarrian glokalizazioaren funtsa dago; «gurea dena baztertu gabe mundura zabaltzeko» filosofia.
Rebeka CALVO
Nabar: gure hartz ttipia, gure kontalari handia. Munduko bazter guztietako ipuinak kontatzen dizkigu euskaraz, okzitanieraz, aragoieraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Nabar, aho eta atzapar: eskua sakatu, eta ipuin kontari hasiko zaizu», dio, besteak beste, Nabar hartzaren kantuak. Nabar panpin bat da, Pirinietako hartzaren itxura duen panpina, zehazki. Ipuinak kontatzen ditu eta zazpi hizkuntzatan hitz egiten daki oraingoz, izan ere aurrera begira, bere sortzaileek ez dute hizkuntza gehiago gehitzea baztertu. Oraingoz, hortaz, Pirinioetako hizkuntzetan kontatzen ditu ipuinak: euskaraz, katalanez, aragoieraz eta okzitanoz, baina baita gazteleraz, frantsesez eta ingelesez ere.
Nabarrek ez ditu edonolako ipuinak ikasi, munduko herri-kulturetako istorioak baizik. Oraingoz 25 dira ipuin hauek; besteak beste Txetxeniako, Txinako, Indiako, Turkiako, Nepaleko, Errusiako eta Italiakoak; Txeroki indioen, Pigmeoen, Berbereen eta Eskimalen ipuinak ere bai. Baita Euskal ipuinak, katalanak edo Aragoikoak ere. Den denak ezagutzen ditu Nabarrek.
Produktu honen sortzaileek panpin hutsa baino haratago, ekimen integral baten zati bezala ikusten dute Nabar. Izan ere, glokalizazioaren filosofia jarraitu dute hartza sortzeko. Glokalizazioa «era egokian» ulertzeko modua dela diote aditu askok, eta Urkierreka Zerbitzu Turistikoak S.L. eta Dijitalidadea S.L. enpresetako arduradunek, Nabarren sortzaileek, bere egin dute. «Gure ondarea gordetzeko nahia eta mundura begirako jarrera irekia» uztartzen du glokalizazioak enpresen esanetan. «Gure ondarea garatzeko -ez bakarrik gordetzeko- nahia» dago hortaz hitz berri honen esanahiaren atzean, hori bai, «gurea» munduko gainontzeko herrialdeekin harremanetan jarriz eta mestizajea bultzatuz.
Nabar hartzak 85 euro balio ditu eta internet bidez eros daiteke, <www.nabar.com> atarian. Produktua hala ere, bitan banatzen da. Batetik panpina bera eta bestetik edukia. Horiek hala, Nabar hartza erosten duenak barruan MP3 erreproduzitzailea duen panpina erosiko du. Erreproduzitzaile honek HiFi kalitateko entzutezko artxiboak eskaini ahal ditu, eta USB portu baten bidez hainbat artxibo deskargatu ahal izango dira bertara.
Entzunezko edukiari dagokionez, munduko hogeita bost ipuinak doakoak direla esan behar da. Arestian aipatutako webgunean sartuta denak deskargatu ahal dira, edo hautatutakoak soilik-gurasoek ipuinak irakurri eta zeintzuk jaitsi nahi dituzten erabaki ahal dute eta-.