GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Ilargia erakusten duen hatza

Ilargia erakusten duen hatzari buruz teman aritze- ko gaitasuna ez du galdu behintzat 2008ko gizakiak. Zenbat eta handiagoa ilargia, orduan eta kalapita latzagoa hatzaren inguruan, gainera. Betiko lepotik dugu burua.

Nola ulertu bestela petrolio upelak 100 dolarreko muga psikologikoa (?) gainditu duen ala ezaren inguruan piztu den ika-mika? Urteko lehen merkatu-saioarekin, asteazkenean, nahiko ustekabean, zetorren albistea: «Ehun dolarreko muga gainditu du WTI upelak Estatu Batuetan, eguna amaitzean prezioa baxuagoa izan bada ere». Biharamunean kaleratzen zen ordea argipena eta, harekin, askoren haserrea: operazio bakarra, eta merkatuan onartzen den kantitate minimokoa (mila upel) egin omen zen prezio horretan, eta egileak ongi asko omen zekien dirua galtzen ari zela (segituan merkeago, une hartan merkatuak zerabilen prezioan, saldu omen zuelako erosi berri zuena). Baina, operazioaren bitartekariak adierazi zuenez, «bera izan zela lehen aldiz petrolio upela 100 dolarretan erosi zuena bere bilobei biharko egunean esan ahal izatea» nahi zuen ateralditsu bat omen zen erosle ezezaguna. Hobe du nonbait ezezagun izaten jarraitu, negozioaren inguruko hamaika jaun serio demonio haserretu baita, eta horrelakorik beste behin gerta ez dadin neurriak hartu behar direla esaka ari dira.

Auskalo zein den egia konplitua. Bilobei ipuinak kontatu ordez iraganeko espekulazio balentriak kontatu nahi dizkieten aitonak izatea litekeena bada ere, esplikazio espekulatiboagoren bat ere bururatzen zait. Adibidez, zifra borobil/potoloen «muga psikologikoen erresistentzia» bezalako kontzeptuak usu erabiltzen direneko mundu horretan, zergatik ez ataka zabaltzen joan «hesi psikologikoek» ezertarako balio ez dezaten... Hatzaren inguruko eztabaida da, edonola ere. Ilargia, galanta, baita ditxosozko WTIa, psikologiarekin edo psikologiarik gabe, joan den aste osoan 99 dolar inguruan ibili dena, 2002ko urtarrilean 20 dolarretan zegoela; eta duela urtebete, 55 dolarretan. Eta ez begiratu soilik gorakadaren pikoari: Irakeko produkzioa «normaltzen» hasi deneko urtea izan da iazkoa; eta halaz eta guztiz...

«Petrolioaren garestitzearekin automatikoki mundu mailako errezesioa etorriko zela ziotenen errakuntza besterik ez du frogatzen horrek» diote hatzaren begiraleek. Urre beltzaren prezioari ez ezik urre gorriarenari ere begiratzen ez dioten seinale.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo