GARA > Idatzia > Gaurkoa

Lander Garro Idazlea

Langile baten heriotza

Lan istripuen auzi gorria du hizpide Lander Garrok artikulu honetan. Iazko datuen oihartzuna isildu ez denean beste hildako baten berria ailegatu zaigu urte berriarekin batera. Dena den, estatistiken datu hotzez eta kazetarion behar hutsalez harandi, Garrok gogorarazten digu kontua ez dela «non, zein ordutan, nola, norekin... Kontua, nor da: langile bat. Bat gehiago». Horren aurrean, erakundeen hipokresia ez ezik langileen oharkabetasuna ere aipatzen da izkribuan.

Errazkeria litzateke urtea hasi eta lan istripuek iaz bezala jarraitzen dutela esatea. Gizarteak neoliberala izaten jarraitzen duenez, jite honen ondorioz izandako istripu eta heriotzak ere, halakoxeak izango dira aurten. Baten batek esango du helburua heriotzak murriztean datzala. Akaba ditzagun ahalik eta gutxien. Baina helburu horrekin hasiz gero, urte amaieran azken ehun urteotako leloa errepikatu beharko dugu: aurten ere ehunka langile erail ditugu, kausa miserable eta ergel baten alde.

Langile bat hiltzen denean, heriotzaren nondik norakoez horditzen gaituzte. Han edo hemen izan dela, honela edo horrela zebilela, hau edo beste suertatu zela, eta abar. Tragedia, gertakari huts bilakatzeraino tribializatzen zaigu, ñabardura hutsal eta txoroez. Tribializazio hori nahikoa ez balitz, ñabardura hutsalok estatistikaren laguntzaz areagotzen dizkigute, are eta hutsalago bilakatuz, zenbat izan diren garrantzitsua balitz bezala (gehiago izan zitezkeen, iaz baino ehuneko ez dakit zenbat gutxiago izan dira aurten...). Zenbakiek, ordea, drama handia ezkutatzen dute, bai pertsonala, eta bai kolektiboa ere: geure porrotaren kronika.

Gizarteetan berdintasunaren eta eskubideen ideia errotu zenetik, boterearen aurkako borroka eta langileen borroka elkarri lotuta ibili dira. Biak dira bat, langileek ez dutelako sekula ere agindu ahal izan. Gizartearen kanpoaldetik eratorritako eliteak izan dira, historikoki, gizartearen patua erabaki izan dutenak. Esku batez erakundeak agindu dituzte, eta besteaz, ekonomia, hau da, langileria. Horregatik elkartzen da Ibarretxe enpresa gizon-emakumeekin, eta ez langileekin, bai hemen, eta bai diasporan ere (erreparatu urrutian izaten den horietan bere ingurukoek gorbatak janzten dituztela, ez lan buzoak). Izan ere, lagunekin biltzeko joera izaten dugu denok, inori ez dakion azpizuna kontrako eztarritik joan.

Erakunde ustez demokratikoen agindupeko polizia langileriaren kontra bortizkeria erabiltzen ikustea, ohiko ikuskizuna da gaur egungo munduan. Gizakiak animalia hutsak ziren garaietan, langileen kontrako bortizkeria berbera zen. Makilakadak ematen zitzaizkien lan egin zezaten, gaur bezala. Lehen, meategietan, orain, erakundeen egoitzen aurrean. Harrizko eraikinen inguruan, beti ere. Lehen animalia deitzen zitzaien, apaindurarik gabe, piztia. Egun, hiritar. Baina biak dira gauza bera: ekoizteko (eta ahalegin horretan hiltzeko) makinak.

Gizakia ez da zinez herriaren botere erreal bat sortzeko (artikulatzeko, esango genuke hizkuntza teknikoan) gai izan, eta hortik datoz aieneak. Herri xeheak baliabideak kudeatzeko egin dituen ahalegin guztiek, botere oligarkikoaren hesiarekin egin dute topo, hau da, poliziarekin. Duela gutxi, kontakizun xelebrea irakurri nuen Stefan Zweig austriarraren «El mundo de ayer» (Atzoko mundua) liburuan. Austriarrak, monarkiaren agindupean bizi ziren joan den mende hasieran, eta horrek, nola ez, gatazkak sortzen zituen. Idazleak aitortzen zuenez, ordea, poliziak gutxitan erabiltzen zuen indarkeria, hura gauza berria baitzen, aurretik erabili gabea: poliziak ez zuen inoiz herritarren aurka erabili. Hau, gauza modernoa da, gu bezala: euskaldunok asko dakigu modernitateaz. Eta poliziaz.

Langile bat hiltzen denean, komunikabideek aingeruen musika jotzen dute, inork ez dezan negarrik entzun. Herria, langilearen jatorria, enpresa, lanpostua, ordua, eta `ezustekoaren' detaileak. Hori eskainiko digute. Zer da errealitatea? Telebistaz agertzen dena, boterearen inteligentzia bulegoetan ekoizten dena, geuk burruntzaliaz xamurki irents dezagun. Elkarrizketatuko ote dute hildakoaren ama, anaia, bikotekidea? Galdetuko ote diete langileak utzitako hutsuneaz? Salatuko ote dituzte errudunak? Kartzelara sartuko ote dituzte egindako krimenaz gizarteari erantzuna emateko? Hartuko al dituzte poliziaren makilez Jaurlaritzara bisitan joaterakoan?

Ez.

Beso zabalik hartuko dituzte, hauteskundeetan, egindako mesedeez gogora daitezen. Money is money... Baita demokrazian ere!

Politikariek krimeraren arrastoa urratzen laguntzen duten bitartean, herri xehearen aldeko poetaren batek kanturen bat idatziko du, hildako anai-arreba zenbakien erreinutik gizakien mundura ekartzeko xedez. Zenbakiaren tokian, izena eta izana jarriko ditu. Istorio txiki horren bidez, historia ulertzen lagunduko digu, eta lagunak arerioengandik bereizten. Gogoratzen duzue Amandaren eta Manuelen kanta? Balen pean hil zen Manuel, Victor Jarak kantatzen zuenez, egun euritsu batez: «Mendira jo zuen, ez zuen inoiz minik egin, mendira jo zuen, eta bost minututan txikitu zuten». Kamioi baten azpian hil izan balitz ere, berdin kantatuko ziokeen Victor Jarak. Kontua ez baita non, zein ordutan, nola, norekin... Kontua, nor da: langile bat. Bat gehiago.

Oligarkiak demokrazia modu harrigarri batez menderatu izan ez balu, gaur egungo plazetan langileen estatuak eta oroitarriak ikusiko genituzke, jeneralen eta gerra zaleenen ordez. Baina ezin izan genuen. Gehiago ziren, eta hegazkinez bonbak jaurti zituzten. Bonba euritea izan zen hura, sua, suntsipena, gaua. Eta, gaur, patronoen loriak pairatu behar ditugu. Laboak kantatzen zuen: «Zazpi Atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Liburuetan errege izenik baizik ez da ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiok?». Kanta osoa idatz nezakeen hemen (hain da ederra eta egiazkoa): «Alejandro gazteak India bereganatu zuen. Berak bakarrik ote? Zesarrek galoak menderatu. Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen? Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?». Gauzak ez dira aldatu.

Jada, etxeko sua multinazionalen bideo jokoengatik ordezkatu dugula ere ahaztu dugu. Ez gara ohartzen. Aberea non amaitzen den eta bideo jokoa non hasten den bereiztea ez da, dagoeneko, ariketa erraza. Lanetik ateratzean, irabazitakoa gastatzera korri egiten dugu, haize egokituz hornitutako merkataritza guneren batera. Udako oporretan, hildako milaka langileen hezurrez eraikitako Txinako harresian argazkiak egiten ditugu: egin ezazu irri... egin ezazu irri sano eta odoltsu bat!

Horrelakoxeak egin gaituzte ikastola pribatuetan.

Langile bat hiltzen denean, hitzak bakarrik ateratzen dira, oka bezala. Zenbakiei buruz hitz egin nahi izango banu, ikerketa astunak egin beharko nituzke. Zertarako? Nor asetzeko? Nor konbentzitzeko? Langile bat harri baten azpian hiltzen denean, harritzarrok eraikitzen dituzten hesiak gogoratzen ditut; langile bat makinaren batek harrapatuta hiltzen denean, gizakiaren txikitasuna gogoratzen dut, makinen nagusikeria; langile bat soka batek itota hiltzen denean, lotuta gaudela gogoratzen dut, eta langile bat amiltzen denean, gu ere amiltzen garela.

Gu ere hiltzen garela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo