Zornotzako LIV. Krossa
Pronostikoak bete dituzte Cheruiyot eta Bekelek Zornotzan
Keniako «armadaz» mendekatu zen Kenenisa Bekele handiaren anaia eta iazko bigarren postua hobetu zuen. Cheruiyotek, berriz, aise eraman zuen lasterketa
Arnaitz GORRITI | ZORNOTZA
Tariku Bekele etiopiarrak eta Keniako Vivian Cheruiyotek pronostikoak bete zituzten Zornotzako Nazioarteko Krossean. Afrikarren artera mugaturiko lehian beraiek izan ziren indartsuenak eta, batik bat Cheruiyotek nagusitasun osoa erakutsi zuen.
Beren herrialdeko egoera politiko latzaren gainetik, Keniak ikaragarrizko atleta saila ekarri zuen Jauregibarriako zirkuitura, eta krossaren munduan parekorik ez dutela erakutsi zuten beste behin.
Alabaina, Tariku Bekelek -Kenenisa Bekele handiaren anaia gazteak- iaz Zornotzan bigarren amaitu ondoren, Keniako «armadaz» mendekatu eta garaipena erdietsi zuen.
Etiopiar petoa dela erakutsiz, keniarrek lan egin eta indarrak erre zitzaten itxaron zuen eta azken esprintean gailendu zen. Bigarren postuan Bekelerekin batera helmugara iritsi zen Joseph Ebuya keniarra sailkatu zen. Ebuyak, Laudioko krossa azaroaren erdi aldera irabazi zuenak, lasterketaren zama eraman zuen, baina azken metroetan Etiopiako aurkaria baino gutxiago izan zen. Iaz bezala, Bekeleren bizkarra ikusi zuen keniar indartsu honek Jauregibarriako helmugako zuzenean.
Aurreneko bikotearen atzetik Moses Masai keniarra sailkatu zen, eta laugarren, berriz, iazko Zornotzako irabazle Micah Kogo sailkatu zen, azken itzulian egundoko txakalaldia nozitu eta gero.
Hiru minutu kilometroko
10.700 metroko ibilbidea osatu behar zuten gizonezkoek, Jauregibarriako zirkuituari bost itzuli emanez. Eguraldi ona lagun, lokatzak ez zuen korrikalarien ibilia oztopatu eta ziztu bizian ekin zioten parte hartzaileek probari.
Afrikarrek ez zuten inolako ezustekorik nahi eta erritmo bizi-bizia jarri zuten hasieratik; kilometro bakoitza hiru minuturen bueltan bete zuten. Horrenbestez, azal zuriko korrikalariek beltzagoen korrika saioaz urrundik gozatu behar izan zuten. Joseph Ebuya eta Moses Masai izan ziren erritmoa markatzeko ardura hartu zutenak, Kogo, Nyasango eta Bekele itzalean zeudela.
Aurreneko abisua Bekele berak eman zuen bi itzuliren faltan. Helmugatik igaro ostean erritmoa aldatu zuen, Nyasinga eta Masai atzean utzi zituen eta Kogo eta Ebuya berarekin eraman zituen. Hala ere, Ebuya aurrean jarri zitzaion Etiopiakoari eta, ondorioz, Masaik hirukotearekin bat egitea lortu zuen. Nyasangok ez ordea.
Ebuya eta Bekele ziren, zalantzarik gabe, indartsuenak. Hala, Ebuya keniarrak itzuli baten faltan laukotea birrindu zuen. Bekele berarekin joan zen eta iazko irabazle Kogok, ostera, leher egin zuen. Masaik, bere erritmora, hirugarren lekua ziurtatu zuen, baina artean ez zegoen argi garailea nor izango zen.
Ebuya saiatu zen Bekele atzean uzten, eta estu hartu zuen uneren batean, baina ihes egin gabe. Esprintean, ordea, erraz nagusitu zitzaion Bekele keniarrari, iazko arantza ateraz.
Emakumeen kategorian, aldiz, Vivian Cheruiyotek erraz asko errepikatu zuen iazko garaipena. Seikote batek alde egin zuen eta bigarren itzulirako seikote horretatik bik, Cheruiyot keniarrak eta Eritreako Meiraf Bathak hanka egin zuten.
Ez zuen bikoteak larregi iraun. Hirugarren kilometroa betetzerako, Cheruiyot nazkatu zen bere iheskideaz eta alde egin zuen. Atzean, aldiz, Leonor Carneiro portugaldarrak aurrera egin zuen eta Batha harrapatu ez bazuen ere, hirugarren lekua bederen eskuratu zuen.
Keniako Joseph Ebuyak jarritako erritmo biziari eta erasoei erantzun ondoren arazorik gabe nagusitu zitzaion Tariku Bekele esprintean. Bidean atzean geratu zen iazko irabazle Micah Kogo keniarra, sekulako ahulaldiaren erruz.
CHERuIYOT ERREGINA Zornotzan jarraian lortzen duen bigarren garaipena erdietsita, Jauregibarriako erregina da Vivian Cheruiyot. Hirugarren kilometroa betetzerako bakarrik egin zuen ihes keniarrak, eta inork ere ez zion itzalik egin.