GARA > Idatzia > Kultura

Frantziar figurazio berria ikusgai Angelun Ernest-Pignonen eskutik

Otsailaren 2a arte Angeluko Georges Pompidou arte galerian eta Beatrix Enea etxean Ernest-Pignonen erakusketa izango da. Gerard Fromanger eta Jean-Paul Chambasen ondoren, Angeluk berriz Frantziako figurazio berriaren artista bat erakutsiko du aste hauetan.

p048_f01.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Angeluk Frantziako figurazio berriaren mugimendua sakonean aztertzen jarraitzen du. Gerard Fromanger eta Jean-Paul Chambas jaso ondoren, oraingoan Nizako Ernest-Pignon artistaren estetika sinbolikoari eginen dio leku Angeluk. Otsailaren 2a arte, Pompidou galeriak eta Beatrix Enea etxeak Pignon-Ernesten lanak aurkeztuko ditu. Hain zuzen, azken 35 urteetan artistak espazio urbanoetan egin dituen «interbentzio artistikoak» erakutsiko ditu erakusketak.

Erakusketaren helburu nagusia, Pignon-Ernesten desmartxa artistikoa ulertaraztea da. Izan ere, azken honen lanak leku jakin batean, artistak hautatutako espazio berezi batean ikusteko eginak dira. Artistaren aukeraketa hori, eta haren artelanak espazio horretan itsasteko, espazio horri kolore artistikoa emateko erabilitako ibilbidea argitu nahi da Angelun. Horretarako, artistaren hainbat prestaketa marrazki, apunte edo argazki aukeratu dira erakusketan zehar Pignon-Ernesten filosofia hobeto ulertzeko asmoz.

Artistaren hitzetan, haren marrazkiek funtzio bikoitza dute: «Leku batean txertatuta egoteak, leku hori lantzea, janztea du helburu. Horrez gain, lanketa bisual horren bidez, lekuaren zentzua, erliebe sinbolikoan ezarri nahi dut. Marrazkien bidez ikusten den hori eta ikusten ez dena konbinatzen ditut».

Desmartxa berezia

Konbinazio bikoitz hori lortzeko prozesu berezia du Pignon-Ernestek. Izan ere, hiru epetan burutzen ditu bere lanak Pignon-Ernestek. Lehenik, espazio berezi bat bilatzen du. Hiri batean itzulika aritzen da, espazio horren arkitektura, argia, koloreak, historia, zama sinbolikoa... aztertzeko. Horren guztiaren arabera lekua aukeratzen du. Orduan, bere bakartasunean isolatu, eta lekuak inspiratzen dizkion marrazketei ekiten die. Azkenik, lanak lekuan itsasten ditu, serigrafia edo collage bidez. Horrela jokatuz bere lana leku berezi horri lotu nahi dio Pignon-Ernestek; bata bestea gabe ulertezin bihurtzen du.

Espazio joko horien bitartez, 40 urte daramatza Pignon-Ernestek gaur egungo gizartearen hainbat galdera ezbaian jartzen. Horrela artistaren sinbologiak hainbat eta hainbat galdera sozial (Hiesa, marjinalitatea, iraultza soziala...) landu ditu, baina baita galdera mistiko, filosofiko edo erligio arlokoak ere, beti ere espazio jakin baten harreman bikoitz horretan. Denborak ere garrantzia hartzen du Pignon-Ernesten hausnarketa artistikoan, haren marrazketa sinbolikoa espazio bati lotua dagoen bezala, burutzen duen denborarekin harreman estua duelako.

Artistaren prozesu hori ulertaraztea du xede Angeluko erakusketak hain zuzen ere. Espazioaren eta denboraren arteko harreman hori, baina baita artistaren hausnarketa filosofikoak azalean ematea ere. Ildo horretatik, Angelun artistaren 40 urtetako ibilbidea ikusgai izanen da, 1971. urtean Pariseko Komunaren gaiaren inguruan egindako lanetatik abiatu, eta 2007an «Estasiak» izenburupean eramandako hausnarkertara iritsi arte.

Alde horretatik, Angeluk artistaren interbentzio urbanoen hautaketa bat erakutsiko du egun hauetan. Besteak beste, artistak landutako hainbat gai hobeki ulertzeko aukera izango da erakusketaren bidez. Hala nola, abortoa, etorkinak, Napoli edo Nerudaren inguruko hausnarketak. Gai horiek guztiak Pignon-Ernesten begirada berezitik islatzen ahalko dira: leku berezi batekin harreman estuan, eta hausnarketa egin zuen denbora berezi horretan kokatuta. Azken finean, artistak berak dioen bezala, «irudiak tresna plastikoak dira, espazio plastiko batean kokatuak, eta dimentsio sinboliko bat hartzen dutenak. Funtsean, errango nuke nire lanak egoeran ezarri baino gehiago, nire lanen bitartez egoerak sortzen ahalegintzen naizela».

ESPAZIO JOKOA

Pignonen lanek eginak izan diren espazioarekin harreman estua dute. Leku berezi baten barnean integratzeko moduan pentsatuak daude, eta artistak egin dituen lekuan ikusi behar dira benetan gozatu ahal izateko.

Erakusketa

Lekua: Beatrix Enea etxea eta Georges Pompidou arte galeria

Fecha: Abenduaren 8tik otsailaren 2a arte.

Antolatzailea: Angeluko Herriko Etxea.

Sarrera:

Dohainik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo