GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Txapa irratia, esperientziak eta kalitateak bat egiten dutenean

Aurten hogeita lau urte beteko ditu Bergarako Txapa irratiak. Heldutasun une honetan irratikideak etorkizunari aurre egiteko gogo biziz daude. Erabakiak batzarrean hartzen dituzte, geroz eta saio eskaintza zabalagoa dute eta, ondorioz, entzule gehiago.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Urrun gelditu da 1984. urtea, Bergarako Txapa irrati libreak uhinetan lehenengo pausoak eman zituenekoa, alegia. Denbora luze honetan saioen eskaintza asko aldatu da, garaian garaira egokituz. Baina bada aldatu ez den zerbait, izan ere, Txapa irratia hastapenetik batzarrean oinarritutako hedabidea izan da. Irratiaren nondik norakoen gaineko erabakiak hartzeko hilero irratikideek ospatzen duten bilera baliatzen dute.

Urratu berria dugun urte berri honetako helburuen artean, irailean abian jarri zuten programazioari jarraipena ematea izango da. Honez gainera, kontzertuak antolatu eta Arrosa irrati sarea sendotzen ere saiatuko dira. Txapa irratikoen esanetan, «herrian irrati eta kolektibo moduan zabaldu nahi dugu, jakin badakigu kalitatezko programazioa eskaintzen dugula eta horregatik 2008ko gure erronka hori ezagutaraztea izango da. Garbi daukagu eskaintzeko daukagun onena aukera aniztasuna dela: komunikazio eredu ezberdina sortzeko aukera, parte hartzeko aukera eta herritik eta herriarentzat bideratutako informazioa luzatzeko aukera». Ezin ahaztu, gainera, irailetik aurrera Txapa irratia Interneten entzungai dagoela, www.txapairratia.org helbidean; bertan irratiaren gaineko historia eta informazio zabala ikus daiteke.

Programazioari dagokionez, aurten bi berrikuntza nagusi barneratu dituzte: alde batetik, egunerokotasunari eusteko, albistegiak sendotzea. Horretarako, Info 7 irratiko albistegiekin bat egiten dute 13.00etan, eta helburu berarekin Martin Garitanoren «Kale gorrian» saioa eskaintzen dute. Beste alde batetik, haiek ekoitzitako irratsaioez gainera, Arrosa irrati sareko hainbat programa jartzen dituzte entzungai. Modu honetan Euskal Herriko beste irrati libreen saioak zabaltzen dituzte. Haien ustez, «Arrosa irrati sarea programazioa osatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Larunbatero, adibidez, haurrentzako irratsaioak eskaintzen ditugu, eta igande goizetan, berriz, bertsolaritzaren ingurukoak». Etorkizuna baikor ikusten dute, «azken urteotan bildutako esperientzia ideia eta odol berriarekin batuz, poliki-poliki irratia gorantz joango baita».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo