Gazte Asanbladek etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dute
Gaur egun gazteek etxebizitza eduki ahal izateko dituzten zailtasunak direla-eta, Euskal Herriko gazte eragileek eta Gazte Asanbladek, «ahaleginak bateratzea» eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko «kalera ateratzea» erabaki dute. Horretarako, hilaren 11n eta 12an hainbat mobilizazio egingo dituzte Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan.
GARA |
Euskal Herriko gazte eragileek eta Gazte Asanbladek etxebizitzaren arazoaren aurrean «kalera ateratzea» erabaki dute. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko asmoz, urtarrilaren 11n eta 12an hainbat mobilizazio eta protesta egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan.
Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute Euskal Herrian «etxebizitzaren arazo larria» pairatzen dugula, «merkatuaren salneurriek etxebizitza duina eduki ahal izatea ukatzen» dutelako. Gogorarazi dute, egun Euskal Herrian 252.422 etxebizitza «hutsik» daudela, «etxebizitza guztien %19», alegia. Dena dela, lau herrialdeetako Gazte Asanbladen iritziz, «egoera hau ez da ustekabekoa, oinarrizko eskubide bat negozio bilakatzearen ondorioa» baizik.
Alde horretatik, egoera horren erantzuleak zeintzuk diren argi azaldu dute. «Banketxeak, eraikitzaileak, sustatzaileak eta higiezinen agentziak gure kontura aberasten ari da.
Horiek guztiak dira hain zuzen ere bidegabekeria hau mantendu nahi dutenak», salatu dute gazte eragileek. Gainera, Gazte Asanbladen ustez, «administrazioek egoerak berdin jarraitzea bermatzen dute», eta era berean, alderdi politikoek «negozio biribil honetan parte hartzen ari dira, mozkinen zati bat jaso nahi baitute».
Horren ildotik, gazte mugimenduak honakoa nabarmendu nahi izan du: «Kapitalismoak, gutxi batzuk guztion beharren gainetik igarota aberastea baimentzen du, gure soldataren zatirik handiena etxebizitzan gastatzera zigortzen gaituelako». «Egoera kaskarretan lan egitera behartzen gaituzte oinarrizko eskubide bat ordaindu ahal izateko. Azken batean, prekarietatean bizitzera zigortzen gaitu sistema kapitalistak», salatu duten Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Gazte Asanbladek.
Gazte mugimenduaren arabera, gazteak dira etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak. «Gazteok gara gehienbat egoera honetan kaltetuenak, gure egoera ekonomikoarekin ezinezkoa baitugu alokairuei edo hipotekei aurre egitea», adierazi dute.
«Baina egoera hau aldatzera goaz, guretzako jasanezina delako. Honen aurrean badakigu, egoera hau mantendu nahi duenik badagoela, erantzuleak hain zuzen ere: banketxeak, konstruktorak, inmobiliariak, promotorak... gure kontu aberasten ari direnak», esan zuten.
Batera ekiteko garaia
Gazte Asanbladen aburuz, egoera «latz» eta «jasangaitz» honi aurre egiteko eta aldatu ahal izateko, orain nahitaezkoa da «kalera ateratzea», haien ustez, Euskal Herriko gazte guztiek «antzeko egoera» pairatzen dutelako.
«Orain, Euskal Herriko gazteek batera ekiteko garaia da, egun jakin batean gure indarrak batuz balantza gure aldera desorekatzeko garaia, hain zuzen ere», adierazi dute lau herrialdeetako gazte eragileek. Haien ustez, etxebibitza eskubidea aldarrikatzeko, beharrezkoa da «ahaleginak bateratzea» eta «guztiok elkarrekin kalera ateratzea».
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako Gazte Asanbladen mobilizazioekin bat eginez, Iruñerriko gazte mugimenduak manifestaziora deitu du Txantrea auzoan etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Manifestazioa, datorren ostiralean, arratsaldeko 19.00etan irtengo da Ezkaba Plazatik eta auzo iruindar honetako kaleetan zehar ibiliko da.
Gazte mugimenduak salatu duenez, «administrazioak, etxebizitza eskubidea bermatu ordez, eskubide hau negozio bihurtu dutenekin elkarlanean ari da». Horretaz gain, orain Zapateroren Gobernuak gazteei alokairua ordaindu ahal izateko 210 euroko diru laguntza «hauteskundeei begira aurpegia zuritzeko besterik balio ez duen amua» dela ohartarazi du.
Gazte mugimenduak argi utzi nahi izan dio Miguel Sanzi gazteen etorkizuna ez dagoela «salgai».
GARA