GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Vicente eta Lopez ere hurrengo fasean sartu dira

Otsagabiakoak eta Lezaungoak, minutu eta erdiko aldea kendu zieten Senosiain anaiei, atzo Elorrioan jokatu zen saio erabakigarrian

Jon LEUNDA | ELORRIO

Vicente-Lopez bikoteak lortu zuen atzo Elorrion Urrezko Aizkorako final-laurdenak jokatzeko txartela Senosiain anaiei irabazi ostean. Hurrengo fasean izango den azkeneko bikoaren izena datorren igandean ezagutuko da, hantxe neurtuko baitira Mindegia-Rekondo eta Barberena-Mugertza I.a.

Lezaungoak eta Otsagabikoak minutu eta erdiko aldea lortu zuten atzoko norgehiagokan, eta galdu zuten tarterik handiena hiru probatan galdu zuten, eta batez ere zutikako lanean, eta azkeneko txanda librekoan.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu neurtu ziren saioari hasiera emateko, eta hor Lopez-Vicente gailendu ziren. 30 kolpetan erdibitu zituen garaipena lortu zuen bikoak, eta zortzi gehiago behar izan zituzten anaiek.

Bigarren proban, aizkolariek bi 45 ontzako moztu behar zituzten, bakoitzak bana, erlojupekoan; horretan Olagueko bikoa izan zen onena. 1.20 izan zen beraien denbora, eta sei segundo gehigo behar izan zituzten Otsagabikoak eta Lezaungoak.

Hirugarren ekinaldian txanda librean 60 ontzakoa zutik erdibitu behar zen, eta horretan atera zuen lehenengo tarte luzea, amaieran irabazi zuen bikoak. Lopezek eta Vicentek 3 minutu eta 3 segundotan bota zuten enborra eta 50 segundotako aldea atera zieten.

Laugarrengoan, berriro ere Senosiain anaiek irabazi zuten, eta aldea apur bat txikitzeko modua egin zuten. 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda zituzten aurrez aurre; bi minutu eta segundo bat behar izan zuten, eta bederatzi segundotako aldea lortu zuten.

Azken-aurreko lanean, bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor berriro ere Lopez eta Vicente izan ziren onenak. 4.04 izan zen beraien denbora eta lau segundo gehiago behar izan zituzten olaguetarrek. Azkeneko lanean, berriz, txanda librean bi kana-erdiko, bi 45 ontzako eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta Vicente eta Lopezek irabazi zuten; final-laurdenetako txartela segurtatu zuten horrela. 9.44 izan zen lortutako denbora, eta 10.22 anaiena. Lan guztiak egiteko, 20 minutu eta 57 segundo behar izan zituzten Lopezek eta Vicentek eta 22 minutu eta 22 segundo, berriz, Senosiain anaiek.

Atzoko emaitzen ostean, Mugertza II.a eta Nazabal izango dira multzo horretako lehen sailkatuak, eta haiekin batera, bigarrenak, alegia, Lopez eta Vicente sailkatuko dira. Senosiaindarrak kanpoan geratu dira.

Hurrengo fasea

Final-laurdenak nola jokatuko diren erabakita dago; bi aste barru hasiko dira, datorren astean lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko baita.

Hona hemen kanporaketak: Peñagarikano-Arria V.a / Lopez-Vicente; Ugarteburu-Azurmendi / Arrospide-Aierbe II.a; Larretxea-Atutxa II.a / Otaño-Lasa, eta Nazabal-Mugertza II.a, datorren igandean Lekunberrin jokatuko den saioko irabazlearen aurka.

Final-laurdenetan dira Otaño eta Lasa ere, baina Ibarrakoaren aferak hor jarraitzen du, bere inguruko erabakirik ez baita hartu. Zigorrik heltzen ez den bitartean jarraituko du, eta bestela, Lasak erabakiko du norekin jarraitu. Kanporatutako bat, edo orain arte aritu ez denen bat har dezake.

Azken jardunaldia

Lehen faseko azkeneko jardunaldia datorren igandean jokatuko da Lekunberrin, eta han neurtuko dira Barberena eta Mugertza I.a Rekondoren eta Mindegiaren aurka. Irabazten duenak aurrera jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo