GARA > Idatzia > Kirolak

Marka saiakera

Mindegiak ordubetean moztu ditu lau kanako

J.L. | DONEZTEBE

Miel Mindegiak ordubete, minutu bat eta 49 segundo behar izan zituen lau kanako mozteko, atzo Donezteben egin zuen marka saiakeran. Ezkurrako aizkolari beteranoak marka pertsonal bat jarri nahi zuen 58 urterekin, eta ez zuen lan txarra egin.

Doneztebeko pilotalekua ederki girotuta zegoen atzoko saiorako, eta jendeak ez zuen hutsik egin, izan ere, bertako harmailak eta atzoko jarritakoak ere erabat bete ziren. Zale askok ikusi nahi zuen saioa, enborraren tamaina berezia baitzen. Egun, lau kanako mozten inor gutxi ikusteko aukera egoten da, eta atzo Mindegiak marka ederra utzi nahi zuen

Gripeak jota ibili da azken aste honetan, eta ez zen baldintzarik onenetan heldu atzoko saiora. Betiko sasoian egon izan balitz denbora hori hobetzeko modua izango zuen, seguru asko ere, baina atzoko bere egoera horixe zen eta horrekin aritu behar izan zuen. Plazaratutako lau enborrak onak atera ziren.

Ongi hasi zen lanean, eta 12 minutu eta 47 segundotan bota zuen lehen kanakoa. Denbora ona egin zuen. Bigarrengo kanakoan, ordea, denbora gehiago pasatu behar izan zuen, eta hori ere normala zen. Lehen kanakoa mozten baino minutu bat eta 13 segundo gehiago behar izan zituen bigarrengoan, eta 14 minututan bota zuen. Hirugarrenerako nabaritu zen ordurarteko lana, eta lehenengoan igarotakoak baino lau minutu eta erdi gehiago behar izan zituen; 17 segundo eta 23 segundotan bota zuen.

Denborarik gehien azkenekoan eman zuen. Ahalik eta marka onena egiteko asmo horrekin erritmoa bizitu zuen; horren ostean betekada hartu zuen, eta erritmoa jaitsi behar izan zuen. 17 minutu eta 39 segundotan bota zuen azken enborra. Guztira, beraz, ordu bat, minutu bat eta 49 segundo eman zituen bere helburua betetzeko

Gustura

Amaieran gustura agertu zen Miel Mindegia egindako denborarekin, baina ez zela baldintzarik onenetan aritu onartu zuen: «Astea gripeak jota igaro dut, eta azkeneko egunetan baino hobeto baldin banago ere, oraindik ez nago ongi eta hori nabaritu da. Bestela, denbora gutxiagoan amaituko nuela uste dut», esan zuen.

Atzoko lanaren ostean, Ezkurrako aizkolari beteranoaren hurrengo helburua Urrezko Aizkora izango da. Datorren igande eguerdian saio garrantzitsua izango du Lekunberriko pilotalekuan, eta, Jon Rekondo lagun duela, hura irabazi nahiko luke, gutxienez final-laurdenetan izatea baita Miel Mindegiaren helburu nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo