GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Gonzalezek berdin jarraitzen du, onerako eta txarrerako

Kantxan galduta egotetik 20-11koari buelta emateko gai izatera igaro zen Azkaineko aurrelaria

p044_f01_199x132.jpg

KOKA-BEGINO 20

GONZALEZ-BARRIOLA 22

Aritz SORZABAL | EIBAR

Urteak joan urteak etorri, zenbait gauza ez dira aldatzen. Sebastien Gonzalez pilotari irregularra da oso eta atzo marka berri bat egin zuen. Norgehiagoka ia galduta zuenean, joko negargarria eginda, Azkainekoa bat-batean berpiztu eta 20-11 galtzetik 20-22 irabaztera pasatu ziren urdinak, Asegarceren zoritxarrerako. Izan ere, txapelketan jokatutako hiru partidak Aspeko bikoteek irabazi dituzte.

Eibarko Astelena frontoiko atzoko lehiak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Juantxo Koka izan zen protagonista. Altzako aurrelaria ederki aritu zen. Tanto ikusgarriak egin eta hasierako berdintasuna puskatu zuen. Era guztietakoak, gainera: 4-2koa zabalera botatako bolea bati esker jarri zuen; 5-2koa, partidan egindako hiru sakeetariko batekin; eta 6-2koa, txapa gainean moztutako pilota eder baten bitartez.

Era berean, defentsari etekina atera zion donostiarrak ikusleen harridurarako. Ia ezinezkoa zirudien pilota bat salbatu zuen zabalean, tantoa dejada batekin amaituz. Bi paretak ere baliatu zituen, 14-7koan eta 20-11koan, azken honetan Beginoren indar erakustaldia aprobetxatuta. Autzakoak aurreko tantoan errebotera eraman zuen pilota, eta 20-11koan Barriola errebotean itsatsita egotera behartu zuen.

Partida erabakita zegoela zirudien, urdinek ez baitzuten beren eguna. Gonzalez berpiztu zen arte, iratzartze hori gertatzeko inolako zantzurik ez zegoenean.

Kokaren huts baten ostean, Gonzalezek aurreko koadroetan lortzen zuen legezko lehen tantoa egin zuen, zabalera bidalitako pilota batekin (20-12). Ordura arte, bi sake eta pilotari gaizki emanda lortutako tanto bat besterik ez zituen bildu.

20-14koa zabalean bukatutako beste bolea batekin jarri zuen. Beginok pilota batzuk galdu zituen ondoren, urdinak partidan bete-betean sartzeko balio izan zutenak. 20-18rekin, Azkaineko aurrelariak ardura guztia hartu, eta barruan duen onena kantxaratu zuen. 20-19koa, zabalean ederki irekitako pilota batekin jarri zuen; berdinketa, txokora bidalitako zartada indartsu batekin, zabalera zihoan Koka erabat engainatuz; 20-21koa, bi pareta zoragarri bati esker; eta 20-22koa, txokoan bukatutako bolea batekin.

Gonzalezek eta Barriolak besoak altxatu zituzten, markagailuari buelta eman eta partida triste bat harrigarri bilakatu baitzuten. Gonzalezen irregulartasunak halako gauzak eragiten ditu, onerako eta txarrerako.

Beotibarren, gaur

Binakako Txapelketako laugarren partida gaur jokatuko dute Tolosako Beotibarren. 16.30etan hasiko den jaialdiaren bigarren partidan, Asier Olaizolak eta Ruben Belokik Eugiren eta Lasaren kontra jokatuko dute.

Agoitz herriko aurrelariak Juan Martinez de Irujoren ordez jokatuko du, Iberokoak ezkerreko eskua minduta baitauka. Asegarceko bikoteak bere enpresari lehen garaipena eskaini nahiko dio Binakakoan.

Eibar

Capellan-Arruti 22 / Del Rey-Zubieta 21; Koka-Begino 20 / Gonzalez-Barriola 22; Merino 18 / Uriarte 2.

Huarte

Arretxe 1 / Mikel 2 (4-10, 10-3 eta 4-5); Nagore 1 / Antxia 2 (8-10, 10-8 eta 0-5).

Markina

Zen-Bilbao 24 / Foronda-J. Arriaga 25; Goixerri-Goitia 35 / Bereikua-Endika 29.

Galarreta

Zalakain-Etxezabal 32 / Gorriz-Zubizarreta 35; Zeberio II-Ion 40 / Juaristi-Eizagirre 18; Agirresarobe-Badiola 40 / Matxin III-Aizpuru 33; Ibarzabal-Aizpurua II 30 / Larrea-Gaztelu 25.

Euskal Jai

Bereziartua-Agirrezabala 34 / Iribarren-Urko 35; Uterga-Lizaso 40 / Urriza-Urrutia 35; Altuna I-Etxabe 39 / Iñigo-Iriarte 40.

Mungia

Madariaga-Jauregi 11 / Xabi-Perez 22; Baez II-Tejero 22 / Etxebeste-Etxegarai 6.

Tolosa (16.30)

Berasaluze VIII-Eskudero / Saralegi-Apraiz; Eugi-Lasa III / Olaizola I-Beloki; Chafee-Otxandorena / Leiza-Peñagarikano.

Donibane Garazi (16.00)

Bielle-Hegiabehere / Agerre-Etxeto.

koka-begino

20

gonzalez-barriola

22

koka

Altzako aurrelaria jaun eta jabe izan zen norgehiagokako lehenengo zatian. Hamar tanto egin zituen, era guztietakoak gainera.

begino

Autzako atzelariak barruan duen indarra kantxaratu zuen, pilota bat errebotera bidaliz, baina azken txanpan huts gehiegi egin zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo