GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Etxerat-en bertso jaialdia Oiartzunen

Euskal presoentzako bertsoak, hormarik eta sarrailarik gabeko oholtza gainetik

Euskal errepresaliatu politikoei elkartasuna adierazteko hainbat eta hainbat modu ditu herri honek. Larunbatean mobilizazio jendetsu bat izan bazen bozgorailua, atzo kantuan egindako bertsoak izan ziren bitarteko. Urtero Etxerat-ek Oiartzunen antolatzen duen «bertso-patiora» ehunka lagun bertaratu ziren, ahozko kulturaz gozatzeaz beste, euskal preso politikoak jaialdiko protagonista egitera.

p013_f01.jpg

Atzean utzitako urtea txarra izan dela esanez agurtu zituen Etxerat elkarteko Irati Aranzabalek Elorsoro kiroldegira gerturatutakoak. Ona ez izan arren, konpromisoak eskatu zituen, ahalik eta gehienak eskuratuz gero aurtengoan euskal preso politikoek bizi duten egoera gordina iraultzeko gaitasunaz ziur agertuz. Horiek, Estatu espainoleko eta frantseseko ziegetan gatibu dituzten euskal herritarrak, baita etxetik urrun daudenak ere, jaialdiko protagonista izango zirela iragarri zuen, baita bertsoei eskainitako txalo bakoitza eurei zuzentzeko erregutu ere. Hala egin zuten. Bai entzuleek eta baita bederatzi bertsolariek ere.

Hurrenez hurren, Xabier Paya, Erika Lagoma, Jon Martin, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Xabier Silveira eta Aitor Mendiluze lerrokatu ziren oholtza gainean. Agurrak hastearekin batera sortu ziren lehen irribarreak ere. Saio osoan iraungo zutenak.

Ezinbestean, egungo testuinguru politikoa izan zen bertsolariok agurretarako erabili zuten iturri nagusia. Eta ondorioz guztiak ez ziren irribarretarakoak. Esaterako, Silveirak bota zuen lehena: Eguerdian atxilotutako bi lesakarrak oroitu zituen eta honela amaitu zuen bertsoa: «Intxaurrondotik oihu mingarri bat dator, torturatzen ariko zaizkizue gogor, baina ez etsi, eutsi, Mattin eta Igor».

Paya, txaloen jaun ta jabe

Xabier Paya izan zen, ostera, hasiera-hasieratik bertan bildutakoen irri eta txalo gehien lapurtu zituen bertsolaria. Fresko aritu zen Bizkaiko txapelduna; umorez, bertso paregabeak eginez. To, Payaren agurra: «Kaixo entzule eman behar dizut, nire bizitzaren berri, erregeetan sinetsi izan dut, infantil ta lotsagarri, presoak aske utzi itzazu, eskatu nion Melchorri, eta karta gaur goizerako ez dit ba bueltan igorri. Xabi eskatzen didazun hori, eskatuagatik sarri, eskatu behar diozu berez, isiltzen ez den Juankarri, errege batek kendutakoa, besteak ezin ekarri».

Etxerat elkartearen ikurra zeraman pankarta erraldoiaren magalean agertu zen Unai Elizasu gai jartzailea, eta berehala jarri zituen bederatzi bertsolariak lanean. Eta lehenengo gaia, jada minutu eskas batzuk lehenago Xabier Payak botatako bertsoarekin «izorratu» arren, txukun aritu zen bizkaitarra bera, Arzallus eta Jon Martin oiartzuarra.

Zein lan emango eta atzoko egunean makina bat etxetan ospatzen duten, baina «Euskal Herrian gehiegi maite ez dituzten», Errege Magoak. Ateraldi galantak izan zituzten hirurek; Martin etxean bertsotan zebilelako edo, iaz herriko plazan, protesta moduan, hiru erregeak erre zituztela eta eskarmentatua agertu zen; Ametsek, ordea, laugarren errege batekin eragin zituen irriak: Juankarrekin. Eta Paya, Euskal Herrira pateran iritsi zen Baltasar bihurtu zen.

Sarjentu edo «mujer florero»

Jon Maiak eta Andoni Egañak, anaien papera egin zuten lehenbizi. Anaia bat preso dutela-eta gabonetan etxean kantuan ez dela egiten azaldu zuten, baina amaren atsekabeari, bi urteko umetxoa gailendu zitzaion. Entzuleen barrenak astindu zituen bertso honek; baina gisa honetako ugari entzun ziren atzo.

Silveira ere preso paperean jarri zuten, eta Mendiluze honen irakasle. Lagomak eta Lujanbiok, «mujer florero» itxura errefusatu eta emakumeen defentsan tinko aritu ziren. Ondorenean etorri zen, segur aski, txalo gehien jaso zuen sorta: Xabier Paya sarjento espainol baten paperean jarri eta gainontzeko zortziei delitu zaparrada egotzi baitzizkien. Silveirari salbu; honi «delitua ez den zerbait» bilatzen izan zituen lanak.

Bi ordu inguru iraun zuen bertso saio itzela izan zen. Algarak eta negar malkoak begi ertzetaraino atera zizkieten entzuleei. Lujanbiok eskaini zituen hiru bertsoen tankeran; Euskal Herriko hainbat etxetan bezala, bera ere laguna noiz itzuliko zain baitago: «Aio, geroarte esan bazidan, ta agurtu muxu batez, espero nuen bera itzultzea, mendi ibilian nekez. Baina oraindik ez da etorri, nik hesteak lotu katez, akaso laister etorriko da, etorri aspaldiko partez, joan denak badaki non dagoen, baina zain dagoenak ez».

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo