GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazari txikiek diru-laguntzak atxiki ditzaten lan egingo du ELBk

Euskal Herriko Laborarien Batasunak iazko balantzea egin eta aurtengo egitasmoak azaldu zituen atzo Baionan. Nekazaritza Politika Bateratuan oinarriturik kudeatzen diren diru-laguntzak «laborantza desintentsifikatzera eta laborari txikiak laguntzera» bideratzen ahaleginduko da, besteren artean, nekazarien sindikatua. Iaz izandako hainbat «lorpenen» pozean ito gabe, datozen egunetarako prestatu dituzten ekimen eta mobilizazioak nabarmendu zituen ELBk.

p029_f01_199x124.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Aurtengo egitasmoak aurkeztean, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) diru-laguntzei buruzko kezka azaldu zuten, atzo Baionan, ELBko ordezkairek.

Laguntza horien %70 laborantza intentsibora bideratzen dela gogoratuta, nekazarien sindikatuak ahaleginak egingo ditu gainerakoa, ingurumenarekin eta lurrarekin errespetuz jokatzen duten laborarientzat izan dadin aurten. Izan ere, ELB beldur da NPBk egingo dituen egokitzapenetan, laborari txikiek ez ote dituzten gero eta zailtasun gehiago izango laguntza horiek eskuratzeko.

«Laguntzak eman behar badira, horiek nekazaritza desintentsiboagoa izateko eman beharko lirakete, hots, lurra eta nekazari ak ahalik eta gehien babestea izan beharko litzateke helburua», adierazi zuen Christian Harluxet ELBko ordezkariak. Bere ustez, laguntza horien premiarik handiena duten nekazariek diru-sarrera duinak izan ditzatela bermatzeko, lanpostuak sortzeko eta landalurren espekulazioa eteteko izan beharko lirateke.

Lehengaiak, erregaiak eta zerbitzuak izan duten prezio igoerarekin batera, okelak, eta batez ere bildotsarenak, izan duen beherakada (%20 baino gehiago) dira ELBren beste kezka iturri aurtengo ekitaldirako.

Made in Pays Basque

Bestalde, Merkataritza eta Industria Ganbera Ipar Euskal Herriko produktuentzat halako sormarka ezartzeko lantzen ari den proiektuari buruz mintzatu zen Harluxet: «Orain arte ez dugu berri zehatzik izan zertan oinarrituko den `Made in Pays Basque' ikur hori. Ez dakigu produktu horien ekoizpen moduak kontuan hartuko diren edo ez. Lurralde bateko marka sortzerakoan gure apustua, eta hemengo laborari askorena kalitatezko nekazaritza izaki, laborariok ere hausnarketa horretan lekua ukan beharko genukeela uste dugu».

Pozteko moduko emaitzak lortu zituzten iazko jardunean

ELBren esanetan, iazko jardunaren bilana egitean hainbat alorretan izandako emaitzek «poz handia» eragin diete. Hasteko, JAO edo transgenikoei buruz gizartean erditsitako kontzientziazio maila. Sindikatuak egindako ekimenak gogorarazita, besteren artean udaberrian Lur Berri kooperatibaren okupazioa, «oraindik borroka hori» ez dela irabazi, baina natura, osasuna eta kalitatea babesteko beharraz jabetzeko garaian «aurrerapauso handia» egin dela nabarmendu zuen Mixel Ozafrainek.

Bestalde, 2x2 autobiaren proiektua geraraztea lorpen handitzat jo zuen, eta Leia elkartea «bere etengabeko lanarengatik», baita proiektuaren aurka aritu diren nekazariak ere zoriondu zituen.

Jatorri-izendapenean ekoiztutako esnearen prezioaren %4 emendatzea izan da, ELBkoentzat, 2007ko beste poz- iturria. Gainera, lehenengoz esne horren eta metodo arruntekin ekoiztutakoaren artean prezioetan ere aldea (5%) izatea lortu zuten iaz. «Mobilizazioari, Izendapenaren baldintza-protokoloan egindako lanari eta laborarien arteko elkartasunari esker» eskuratu dituzte, Ozafrainen esanetan, lorpen horiek. A.M.

Hiru ardatzetan oinarritutako ekimenak datozen egunetan

Sindikatuaren hiru lan-ildoetan (ekoiztu, babestu eta eskualdatu) oinarrituz, hurrengo egunetarako hainbat mobilizazio eta ekimen iragarri zituzten Panpi Sainte-Mariek eta Joanie Etxemendik.

Ekoizpenarekin lotuta, gaur goizean bertan Makeako Berria kooperatiban egingo dute protesta Nafarroa Garaian beren esnea saltzea erabaki zuten 14 ekoizleei zor diena kitatzeko exijitzeko.

Natura eta lurra babesteko ardatzarekin zerikusia izanen du, Estatu mailan egingo den JAOren kontrako egunarekin bat, datorren larunbatean egingo duten ekintzak. Asteotan Senatuan eta Asanblea Nazionalean eztabaidatzen ari diren legearen haritik, hainbat laborari protesta -tartean Jose Bove lehendakari gai izan zena- iragarri dira eta, batik bat, lege horrek JAOren erabilpena debekatzeko neurriak eskatuko dituzte.

Azkenik, ustiaketen eskualdatzearen inguruan, Ainharbeko Kako baserriaren afera izan zuten hizpide. Safer erakundeak hilaren 17an hartuko du noren esku utzi etxaldea. ELBk mobilizazioa egingo du bi urtez bertan lanean izan den Larrañaga bikoteak baserria erosteko egin duen eskakizunaren alde. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo