Arkaitz Zarraga Azumendi Euskara irakaslea
PISAtik BECera
Argi dago eskola ez dela nahikoa gutxitua den hizkuntza ikasleek osoki berengana dezaten, eta, bestetik, gure ikasleek badutela nahikoa tresna gizarte erdaldunean euskaraz ikasitakoa erdarara transferitzeko
PISA informeak zalaparta ikaragarria sortu du komunikabide eta ikastetxeetan. Euskaraz ikasten duten ikasle gehienek probak erdaraz egin izanak hizkuntz normalizazioaren aurkakoak aztoratu ditu. Iruzurra eta antzeko berbak erabili dituzte gero eta eskari handiagoa duen euskarazko irakaskuntzaren aurka egiteko. Egungo hezkuntza sistemaren defendatzaileek, berriz, argi adierazi dute kritika neurrigabez osaturiko kanpaina hau manipulazio hutsa dela. Tontxuk gidatzen duen departamentuak azterketok ama hizkuntzan egitea erabaki dela adierazi dute, munduko beste umeen modura, barneratuen duten hizkuntzan egin dituztela probok, alegia. Munduko gainontzeko umeak dauden maila berean egoteko.
Neuk zalantzak dauzkat gaitasun horiek (matematikan, irakurmenaren ulermenean...) zein hizkuntzatan erakutsi ditzaketen hobeto gure irakaskuntza sistemako ikasleek, baina antza denez, aurretik egindako ikerketa batzuen arabera, emaitzak hobeak dira (%86rentzat) espainolez.
Ni neu ere guraso erdaldunak nituen D ereduko ikaslea izan nintzen. Kalean lagunartean erdara genuen nagusi, baina arlo akademikoarekin loturikoak ez genituen erdaraz ezagutzen eta auzoko lagunek ea quebrados eta oraciones egiten genituen galdetzean, gu kikildu egiten ginen. «¡Pues no!». Hori bai, zatikiak eta era guztietako esaldiak ederto menderatzen genituen.
Gaur egun, seguru nago, bai haiek eta bai gu kapaz gara, geure hizkuntzetan eta geure eguneroko beharren arabera, matematika kalkulu ezberdinak egiteko. Erdaraz guztiok ulertzen ditugu gure inguruan argitaratzen diren egunkari ezberdinetako artikulu orokorrak (B2). Ez, ordea, «Berria»koak.
Gurekin ikastolan ikasitako askok ere ez dute horretarako gaitasunik lortu, edo inoiz lortu bazuten, galdua dute dagoeneko.
Azken hauen gaitasunik eza jarraitutako ibilbidearekin lotuko nuke zalantzarik gabe. Euskarazko gune sinbolikoa elikatu eta hurbil izan dugunok baino ez dugu gaitasun hori eskuratu. Euren aisialdian euskararik erabili ez dutenek, erdarazko komunikabideak baino erabili ez dituztenek, musika espainolez eta ingelesez baino entzun ez dutenek ez dute euskaraz aritzeko gutxieneko gaitasunik lortu.
Zentzu horretan, bi gauza argi geratu dira: batetik, eskola ez dela nahikoa gutxitua den hizkuntza ikasleek osoki berengana dezaten eta, bestetik, gure ikasleek badutela nahikoa tresna gizarte erdaldunean euskaraz ikasitakoa erdarara transferitzeko.
Hau guztia horrela delako, eskola ez delako nahikoa gure umeen biharko gaitasuna bermatzeko, plangintza askotan kontuan hartu izan da hau eta horrela idatzi. Aisialdia euskaraz emateko diru kopuru majoa bideratzen da herri ezberdinetako EBPNetan. Ipuin kontalariak ekarri, zinema euskaraz jarri... askotan gu gazteak gineneko pelikulak jartzeko.
Lehengoan BECen egiten den Gabonetako parkera joan ginen. Urteroko bisita izaten da, batez ere, Bizkaian umeak ditugunontzat. Urtero sentsazio gazi-gozoaz irteten naiz handik. Umeek ondo pasatu bai, baina arrotz sentitu zirela sumatu nuen behin baino gehiagotan. Gure umeak herri txiki euskaldun batekoak dira eta ez dira erdaraz bizi, eta igarri egiten zaie.
BECera heldu eta ezagun piloa topatu genuen. Hiru areto zeuden barrakaz eta jolasez beteak. Batzuk ohiko barrakeroak ziren (gehienetan bezala, erdaldunak). Beste batzuk entitate pribatu eta GKEen txiringitoak ziren (Telefonika, BBK, Euskaltel, ASPACE, Radio Nervion, Metro Bilbao...). Hauetako askotan ez zegoen ezer euskaraz idatzirik, begirale asko ere ez ziren gure umeekin komunikatzeko kapaz, baina gainera, Radio Nervion eta Metro Bilbaoko Karaokeetatik etengabe ari ziren gaztelaniazko eta ingelesezko musika kantatzen. Nahiko harrituta eta haserre geratu nintzen, baina tira, betiko euskaldun militante ipurterrea izateko gogorik ez nuen.
Baina nire tenperaturak goia jo zuen Eusko Jaurlaritzako karaokerako agertoki handitik monitoreak eta karaokeko parte hartzaile guztiek erdara hutsa erabiltzen zutela ikustean. Guztiz desinhibituta zeuden ama batzuk «Borriquito como tú» hasi zirenean, ezin izan nuen gehiago eta taulara hurbildu nintzen begiraleei kanten zerrenda eskatzeko. Hogeita bost disko zeuzkaten aukeratzeko, bakoitzak 20 bat kanta. Matematiketan gaizki ikasi ez banuen, 500 bat kanta zeuden. Tira, ba, bat bera ere ez zegoen euskaraz! David Bustamante, Ainhoa, Camela, Estopa... baita Camilo Sexto ere! Baina euskaraz ezertxo ere ez.
Umeentzako la letxe den urteroko Gabonetako parke hori A eredu gordinean dagoela esan dezakegu. Bitartean gure herrian euskarazko zinea jarriko dugu, umeen guraso militanteek beren umeak ekar ditzaten.
Seguru nago gure seme alabek lortuko dutela batxilerrera heldu orduko PISAn eskatutako gutxieneko maila espainolez ere. Espero dut ingelesez eta frantsesez ere gutxieneko maila eskuratzea. Baina beren belaunaldiko beste gazteek euskaraz normaltasunez aritzeko gaitasuna nekez lortuko dute benetan garrantzitsuak diren gertakizunetan hizkuntzaren presentzia hutsaren hurrena izaten jarraitzen badu. Are gehiago plangintza normatiboak ezarri dituztenek ere ahaztu egiten badute betetzearen garrantzia.