GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azken agurra eman diote Daniel Osanbela donostiar eskiatzaileari

Jende andana batu zen atzo Daniel Osanbelaren hileta elizkizunetara. Eskiatzaile donostiarra joan den ostiral eguerdian hil zen Formigalen elur-jausiak harrapatuta, Iñigo Zuritarekin eta Miguel Angel Rodriguezekin batera. Gaz- tearen gorpua goizean erraustu zuten.

p021_f02_111x111.jpg

GARA |

Daniel Osanbela donostiarrari atzo eman zioten azken agurra senitarteko eta lagunek. 36 urteko gaztea joan den ostiralean hil zen Formigalen elur-jausi batek harrapatuta, Iñigo Zurita lagunarekin eta Miguel Angel Rodriguez eski estazioko langilearekin batera.

Osanbelaren aldeko hileta elizkizunak Aita Karmeldarren elizan egin zituzten arratsal- dean eta jende andana bertara- tu zen gazteari azken agurra ematera. Bere gorpua goizean erraustu zuten Zorroagako beilatokian, etxekoen eta lagunen arteko ekitaldi batean. Donostiako beilatoki horretan izan da gaztearen hilotza joan den larunbat arratsaldean Biescaseko beilatokitik ekarri zutenetik. Bitarte honetan, gaztearen senide eta lagun ugari bertaratu dira beilatokira gaztea agurtu eta familiari elkartasuna adierazteko.

Zorigaiztoko gertaera jazo zenetik, hildako hiru gazteei eskainitako omenaldiek eta beren familienganako elkartasun keinuak ugari izan dira. Esanguratsuenetarikoa izan zen Formigalen, gazteek bizi galdu zuten eski estazioan, egindako isilaldia. Goizean goizetik eskiatzera joandako lagunek eguerdian tartea hartu zuten gelditu eta minutu batez bezperan hildako hiru gazteei omenaldia egiteko. Gauza bera egin zuten Ara- mon -Formigaleko estazioa kudeatzen duen enpresa- taldeak gidatzen dituen gainerako estazioetan ere: Panticosan, Javalambren, Valdelinaresen eta Cerlerren.

Osanbelarekin batera bizia galdu zuen Inigo Zurita igandean hilobiratu zuten Los Arcoseko hilerrian. Zurita orain 37 urte jaio zen Donostian, baina oso txikia zela joan zen Gasteizera bizitzera eta egun Madrilen bizi zen. Gazteak eta honen familiak, ordea, lotura handia zuten Nafarroako herriarekin, ondoan dagoen Mues herrian etxebizitza bat baitute.

Egun berean hilobiratu zuten, halaber, Miguel Angel Rodriguez, eski estazioko 32 urteko langilea, Zaragozan. Gazteak eskiguneko marketing eta komunikazio lanak egiten zituen eta elur-jausiak harrapatu zuenean kanpaina berri baterako argazkiak ateratzen ari zela jakinara-zi dute Aramon enpresako ar-duradunek.

Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, eski estazioko langilea eskiatzaile euskaldunak baino gorago zegoen, eta horregatik, bera izan zen elur-jausiak arrastaka eraman zuen lehena. Ondoren harrapatu zituen, nonbait, Osanbela eta Zurita. Azken biak artean bizirik zirela erreskatatu zituzten hiru metroko elur geruzaren azpian, baina geroago hil egin ziren horiek suspertzeko egin zituzten ahaleginek huts egin baitzuten.

Eski estazioko langilea aurkitzeko lanak gehiago luzatu ziren eta elur-jausi kasuetan erabiltzen den tresna bat baliatu behar izan zuten. Topatu zutenerako hilik zegoen, jada.

Eskarmentu handikoak

Egun hartan elurra egin berri zuen, horregatik handia zen elur-jausiak gertatzeko arriskua; hain zuzen, batetik bostera bitarteko arrisku eskalan, lauko arriskua zehaztu zuten eta eski estazioko arduradunek behin eta berriz ohartarazi zuten elur jausiak gerta zitezkeela bozgoragailuetatik. Bi eskiatzaile donostiarrak eta eski estazioko langilea pistetatik at zeuden ezbe- harra gertatu zenean, Garmo la Mina izeneko parajean.

Hiruak ziren esperientzia handiko eskiatzaileak. Zurita eta Osanbela, esaterako, haurrak zirela hasi ziren eskiak jantzi eta mendian ibiltzen. Egun, elur garaian ahal zuten guztietan joaten ziren gustuko kirola egitera lagunartean, eta Formigal ez ezik, beste makina bat eski estazio ere ezagutzen zituzten.

elkartasun keinuak

Jende ugari bertaratu da Zorroagako beilatokira Daniel Osanbela gazteari azken agurra eman eta familiari elkartasuna adieraztera. Atzo bertan erraustu zuten gaztearen gorpua.

kontua

Eskiatzaile asko dabiltza sasoi honetan eski estazioetan. Guztiei kontuz ibiltzeko eta arduradunen gomendioei jarraitzeko eskatu diete, gisa honetako istripuak eragozteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo