Sahara eta Nazio Batuen Erakundearen sinesgarritasuna
Atzo, gaur eta bihar, hirugarren aldiz azken sei hilabeteetan, Saharako Fronte Polisarioko eta Marokoko Estatuko ordezkariek bilera egingo dute Manhasseten, New Yorketik gertu. Bilera Nazio Batuen Erakundearen babespean egingo da. Aurreko topaketen antzutasuna kontuan hartuz, Ban Ki-moonek egun hauetako bilkurak «benetako negoziazioak» izatearen garrantzia nabarmendu du. Segurtasun Kontseiluak egindako ebazpenen haritik, negoziazioen helburua «bidezkoa, egonkorra eta alde guztientzat onargarria den» akordio politikoa sinatzea da. Horretarako, Kontseiluaren 1754. ebazpenaren arabera, herri sahararraren autodeterminazioa baimentzen duen akordio politikoa adostu behar da. Nolanahi ere, Maroko autonomia eskaintzera mugatzen da, besterik ez. Ali Beiba Polisarioak izendatutako ordezkariak argi utzi du sahararren posizioa: «bakea ezin da lortu inola ere, ez gaur eta ez bihar, sahararren autodeterminatzeko nahia eta eskubidea ukatuz». Areago, Fronteak azken kongresuan adostu zuenez, 2008a independentziaren urtea edo borroka armatua berpiztearen urtea izango da.
Gatazka batetik bestera salto eginez, Kosovotik Sahararaino, NBEk banan-banan kasu bakoitzaren singulartasuna nabarmentzen duten ebazpenak sinatzen ditu. Hartara, bere adierazpen guztiek goiburu bakarra dute, izena aldatuta: «Kosovo kasu bakarra da munduan», «Sahara kasu bakarra da munduan»... Kasu bakar horientzat guztientzat, ordea, konponbidea berbera da. Tokian tokiko errealitatera egokituz, konponbiderako baldintzak era batera edo bestera formultazen badira ere, konponbide horien elementu komuna autodeterminazio eskubidea da.
Sarri giza eskubideen bortxaketa aipatzen da gatazkaren eta konponbidearen aldagai gisa. Baina, egia esan, lurraldearen kokapen geoestrategikoaren arabera, parte hartzen duten estatuen boterearen arabera eta erresistentzia taldeen biolentzia mailaren arabera, gatazka jakin bat nazioarteko komunitatearen agendan gorago edo beherago egongo da. Giza eskubideak ez dira, alde honetatik, auzi erabakigarriak. Atzo bertan, Marokok okupatutako lurraldearen barruan, kartzela izandako eraikin baten hondoan hobi komuna aurkitu zuten. Sahara, gaur egun, batez ere Nazio Batuen Erakundearen sinesgarritasun ezaren adibidea bat.