GARA > Idatzia > Kultura

Historia hurbilean sakontzeko Tene Mujika beka irabazi du Alberto Barandiaranek

Alberto Barandiaran kazetaria izan da Debako Udalak eta Elkarrek ematen duten Tene Mujika bekaren irabazlea. Bere proiektuak markatu duten bost erreportajeren «ezkutuko aldea agertzea» du helburu.

p047_f01_148x092.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Atea itxi ezinik» da Alberto Barandiaranek (Altsasu, 1964) historia hurbilean sakontzeko Tene Mujika bekarako aurkeztu duen proiektuaren behin-behineko izenburua. Izan ere, kazetari gisa markatu duten bost erreportajetan hainbat kontu itxi gabe utzi ditu, eta kontu horiek, denboraren poderioz, «obsesio txiki» bihurtu zaizkio. «Atea itxi ezinik»en bitartez, kontu horiek berreskuratu eta, betiko itxi ezin baditu ere, horien inguruan gogoeta, behintzat, egin nahi du. «Erreportajeak egoera baten isla dira, baina beti dira protagonista batzuk; horiei bigarren aukera bat eman nahi diet, nolabait esateko, neure buruari bigarren aukera ematen diodan hein berean», esan zuen atzo Barandiaranek berak.

Bost erreportajeak -«Egunkaria»n eta «Berria»n argitaratuak- biolentzia politikoarekin dute zerikusirik, baina oso leku eta garai desberdinei dagozkie. Zaharrena, aipatzen duen garaiari dagokionez, «Nicolasa Agirrezabalagaren gurutzea» da. Zaragozako presondegian Gerra garaian fusilatu zituztenei buruzko liburu bat idatzi zuen Gurmersindo Lizarrako kaputxinoak. Horietako bat zen Nicolasa, 22 urteko mutrikuarra. Kaputxinoak, hunkituta, bere dirutik gurutze bat ordaindu zuen hilobi duina izan zezan. Gurutze horren bilaketa izango da Barandiaranen lanaren lehenengo leitmotiva.

Bigarren erreportajea da «Higinia Luz Aiestaranen argazki galdua». Ziraukin jaio eta Auschwitzen hildako emakumearen historia da. Kontzentrazio zelaian argazki bat egin zioten, eta buelta asko egin ondoren, argazki hura aurkitu ezinean geratu zen kazetaria.

Urtebete barru

«Cordobako senidea», berriz, Argentinako diktaduran desagertutako euskaldunei buruzko erreportajearen hari galdua da. Buenos Airesen zela, harrezkero etxera itzultzekotan, Cordobatik deia jaso zuen Barandiaranek, beste kasu baten berri eman nahirik. Ez zion jaramon egin ahal izan, baina barruan harra geratu zitzaion.

«Jesus Ulaiarren garaia» da laugarren erreportajea. ETAk 1979an hil zuen Ulaiar Etxarri-Aranazko alkatea; 2004an, berriz, Basta Yak omenaldia egin zion Etxarrin bertan.

Azken erreportajea «Martxoaren 11ko bi ordu» dira. Madrilgo atentatuak gertatu ondorengo bi ordu haietako kontakizunaren bidez, kazetaritzaren mekanismoei buruzko gogoeta proposatu nahi du Barandiaranek.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak gogorazi zuenez, irabazleak urtebeteko epea du lana burutzeko eta liburua 2008ko udaberria argitaratuko dute.

Elixabete Garmendia: «Pauso bat izan daiteke»

Tene Mujika bekako epaimahaia Lorea Agirrek, Pruden Gartziak eta Elixabete Garmendiak osatu dute. Beka Barandiarani ematea aho batez erabaki dute. «Kazetari moduan -esan zuen atzo Garmendiak- erabat ulertzen diot Barandiarani: zenbat aldiz ez ote zaigun gai bat zintzilik geratzen, denbora edo leku faltaz». Baina, horretaz gain, proiektuaren bestelako balioa ere nabarmendu zuen. «Bere ikerketa erreportajeetatik abiatuta, gogoetak erantsiko ditu Barandiaranek, eta denborak aberastutako ikuspegiarekin, gainera. Hau metakazetaritza da, euskarazko kazetaritzan ez da egin, edo ez gehiegi, behintzat. Pauso bat harago izan daiteke». M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo