Emakumeen liga
Hondarribia-Irunentzat Kopa dago jokoan Baloncesto San Jose indartsuaren aurrean
GARA | HONDARRIBIA
Koparako sailkatzea bilatzen du Hondarribia-Irunek eta, halako liga hasiera txarra egin duenez, derrigor irabazi behar du Leongo Baloncesto San Jose talde indartsuaren aurka. Arratsaldeko 17.30ean jokatuko dute gipuzkoarrek Leongo kirol jauregian.
Aurkaria, ordea, ez da badaezpadakoa. Baloncesto San Jose taldea Emakumeen Ligako hirugarren lekuan dago, bigarren doan Perfumerias Avenidarekin berdindurik, bederatzina garaipen dute-eta. Joko orekatua du hala kanpoan nola barruan, diru asko xahutu baitu talde indartsua eratzeko. Kanpotik Cohen, Feaster eta Battle dauzka, eta barruko jokoan Luci Pascuak, Cindy Limak eta Hondarribia-Iruneko jokalari ohi Murriel Pagek jokatzen dute.
Jokatu bezperan, Jon Txakartegik gaurko partida «finala» dela onartu zuen. «Baloncesto San Jose talde luzea eta bikaina da, baina Kopan jokatzea nahi badugu irabazi egin behar dugu. Beraz, guretzat finala da». Entrenatzailearen beraren postua ere kolokan legoke galduz gero.