GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek Saracens taldeari irabazi behar dio nahitaez

Zuri-gorriek gaur aratsaldean jokatuko dute Ingalaterran, 16.30etik aurrera, final-laurdenetan izan nahi badute, lau puntu lortu beharko dituzte

p043_f01_097x160.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek derrigor lortu behar du garaipena gaur arratsaldean Saracensen zelaian jokatuko duen partidan. Ez badu irabazten, oso zaila izango du aurten Europako Kopako final-laurdenetan izatea, eta hori kolpe latza litzateke zuri-gorrientzat.

Partida ez da erraza izango, ingelesek ere asko baitute jokoan gaurko norgehiagokan. Haiei ere, irabazteak baino ez die balio, eta kontuan hartuta, azkeneko jardunaldian Biarritzek baino neurketa zailagoa izango dutela, gaur lehen minututik aterako dira garaipenaren bila.

Azkeneko urte hauetan Biarritzek lehen fase onak egin izan ditu, baina aurten ez da horrela izan. Denboraldi hasiera kaskarra izan du, baina badirudi horri buelta ematen hasita dagoela, edo hori ematen du, behintzat, azkenaldian. Ligan ere jadanik hirugarren jarri da, eta hori hobekuntza seinalea bada.

Egia da, taldeak dituen jokalariak ikusita, ez duela egiten joko ikusgarririk, baina azkenaldian garaipenak pilatzen hasita dago. Entseguak egitea asko kostatzen zaio, baina orain hartu ere gutxiago egiten ditu, eta badirudi taldea ari dela oreka topatzen. Hala ere, gaur garaipenik ez eskuratzea kolpe gogorra izango litzateke euskaldunentzat. Gaurkoaren ostean, lehen fase hau amaitzeko jardunaldi bakarra geratuko zaie, baina gaurko jardunaldian gauza asko geratuko dira erabakita.

Bi taldeetako hamabostekoak jadanik ezagutzera eman dira, eta azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da Biarritzek zelaian jarriko duen taldea: Balan, August, Avril, Thion, Hall, Vahafolau, Harinordoki, Crojne, Dupuy, Peyrelongue, Ngwanya, Traille, Cabannes, Bidabe eta Brusque. Aulkian, berriz, honako hauek geratuko dira: Noirot, Lecouls, Malonga, Betsen, Cibray, Masi eta Thierry.

Saracens taldearen hamabostekoa, beste hau izango da: Lloyd, Ongaro, Johnston, Vyvyan, Jack, Chresney, Hiil, Skiruing, De Jock, Jackson, Pennes, Farrel, Sarrel, Haughton eta Russel. Aulkian, Kryalou, Mercay, Ridos, Gustard, Dickens, Powel eta Mutuvou.

Owers, Galeskoa, izango da partida zuzenduko duen gizona. Norgehiagoka hau zuzenean ikusi nahi duenak izango du aukera, France 2 telebista kateak zuzen-zuzenean eskainiko baitu Biarritz eta Saracebseb arteko norgehiagoka.

Hobetuz

Biarritzek denboraldi hasiera oso txarra izan du, baina azkenaldian tamaina hartu diola ematen du, eta nabarmen hobetu du, nahiz eta oraindik joko ikusgarririk egiten ez duen.

Etxetik kanpo

Azkenaldian etxetik kanpo nahiko itxuroso ari da, eta gaur ere horrela ibiltzeko itxaropentsu joan dira. Atzeko lana asko hobetu dute, eta hori mesedegarri izango da gaurko neurketarako.

Avironek ohorea izango du jokoan Jean Daugurren

European Challengen, Avironjek ez dauka aurrera egiteko aukerarik. Orain arte partida bakarra irabazi dute, eta gaur bigarrena lortu nahi dute Montpellierren aurkako partidan. Neurketa Jean Daugurren jokatuko dute 20.45ean hasita.

Zuri-urdinen hamabostekoa honako hau izango da: Peyres, Herber, Hegarti, Iñigo, Lhande, Larretxea, Tilloles, Fiorini, Koporioni, Springgay, Lafitte, Bernard, Marmauyet eta Haare. Partida hau Frantziako Eurosportek eskainiko du zuzenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo