GARA > Idatzia > Ikusmira

Etxebizitza eskubideak laguntza baino gehiago behar du: errotiko aldaketa

Etxebizitza eskubidea da. Hala dago jasota munduko herrialde gehienek sinatu dituzten nazioarteko agirietan, beren legeetan eta herritarren nahian. Hala ere, lege horiek eta administrazioek ez dute eskubide hori bermatzen eta, hartara, eskubide dena arazo bihurtu da. Arazo larria. Sektore kaltetuenetako bat gazteria da. Horregatik gazteak, atzo eta gaur, hainbat mobilizazioren protagonista dira, etxebizitza eskubidearen alde agertu nahi duten herritarrekin batera, arazoaren larria agerian jartzeko. Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbleen koordinadorak eta etxebizitza eskubidearen aldeko eragileek deituta, eskubide hori aldarrikatzen ari dira. Etxebizitza duina besterik ez. Eta hori guztia.

Gazteentzat eta beste hainbat lagunentzat gaur egun, ia ezinezkoa da hipoteka bat edo alokairu bat ordaintzea, baina horren zergatia ez da inongo krisitan edo une ekonomikotan bilatu behar, etxebizitza negozio handia bihurtu duen sistema batengan baizik. Eta negozio horretan banketxeek, espekulatzaileek, eraikuntza enpresek eta administrazioek hartzen dute parte. Horra arazoaren handia, eta haren gaineko kontzientziazioaren beharra.

Erakundeek etxebizitza legeak iragarri eta onartu dituzte, gabezia hori konponbidean jarriko omen zutenak, baina errealitate egoskorrak bere horretan segitu du. Herritarren sektore handi batek ez du eskubide hori betea, Euskal Herrian ia 250.000 etxebizitza hutsik dauden arren. Egunotan indarrean jarri dute Hego Euskal Herrian alokairuan bizi diren gazteentzako laguntza, eta haren bidez hilean 210 euro jaso ahalko dute. Laguntza hori abian jartzeko garaia, hauteskunde batzuen atarikoa, alegia, alde batera utzita, ezin uka laguntza dela, eta jende askok pozik hartuko duela, diru hori, eta gehiago, behar duelako. Baina horrek ezin du estali arazoaren funtsa. Arazoa bestelakoa da eta. Milaka etxebizitza huts horiek, bitartean jabetza sustatzen direla, arazoaren gordinaren erakusgarri dira. Izan ere, alokairua, laguntza eta guzti ere, ez dago edonoren esku. Jabetza propagandaz eta kenketa fiskalekin bultzatu eta saritu izan dute, eta higiezinen negozioan sartzeko aukera ere iradoki dute. Administrazioen laguntza hori oso urrun dago etxebizitzaren arazo larria konpontzetik, etxebizitza politika errotik aldatzea eskatzen baitu etxebizitza eskubideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo